Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko harremana, aztergai

Idurre Eskisabelen eta Lorea Agirreren Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea izeneko hitzaldia ikusgai dago Berria TBn.

2019ko otsailaren 2a
20:13
Entzun

Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu goiburupean, bost saioko ikastaroa antolatu dute elkarlanean UEUk, Gabriel Aresti Euskaltegiak, Bilboko Kafe Antzokiak eta Jakin aldizkariak.  Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko elkargune eta harremanei buruz hausnartuko dute, urtarriletik maiatzera bitartean. Joan den astelehenean egin zuten lehenengo saioa, Idurre Eskisabel Larrañaga eta Lorea Agirre Dorronsoro hizlari zirela. Saio hori osorik ikus daiteke BERRIA TBn.

Euskara eta generoa ere ez doaz aparte, Eskisabel eta Agirreren iritziz. Biak menderakuntzaren alabak izaki, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Prozesu horiek non gurutzatzen diren, zein ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak ze esparru emankor zabaltzen duten aztertu dute jardunaldiaren lehen saioan.

Otsailaren 25ean, hizkuntzaren eta generoaren arteko loturez jardungo dute Jaime Altuna Ramirez soziologoak eta Aizpea Otaegi Mitxelena Elhuyarreko kideak. Euskararen eta feminismoaren genealogiaz solastuko da Saioa Iraola Urkiola Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea, martxoaren 25ean.  Ildo beretik jardungo du Itziar Gandarias psikologia sozialeko Deustuko Unibertsitateko irakasleak, apirilaren 29an, Bilboko talde feministetako esperientzia baliatuta. Azkenik, Amelia Barquín López Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasleak euskaraz hizkuntza sexista ekiditeko bideak proposatuko ditu. Maiatzaren 27an izango da hori. Azken saio horren ostean, Ane Labaka Mayozek eta Bea Egizabal Ollokiegik Erradikalak ginen bertso-antzerki ikuskizuna eskainiko dute, Erradikalak gara ikuskizunaren jarraipena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.