Hiru Jaka Hori zigortu dituzte Baionan, polizia etxeari eraso egitea leporatuta

Bost lagun atxilotu zituzten larunbat gaueko protestetan. Adingabea da bat, eta libre utzi dute. Beste hiruri zigorrak eman dizkie epaileak, baina baldintzapean aske daude. Bosgarrenak epaiketa prestatzeko denbora gehiago eskatu du; hilaren 25ean epaituko dute.

Jaka Horiek protesta egin dute gaur arratsaldean Baionan.
Jaka Horiek protesta egin dute gaur arratsaldean Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA

Berria -

2019ko otsailak 5

Joan den larunbat gauean bost pertsona atxilotu zituzten Baionan, Jaka Horiek eginiko protestetan. Hainbat salaketa pilatu dituzte, ordena publikoaren aurkako delituak, ondasunak andeatzea, aginte publikoari eraso egitea... Horietako hiruri kartzela zigorrak eman dizkie epaileak, baina baldintzapean kalean dira. Beste bati epaiketa atzeratu egin diote, eta azkena adingabea da.

Adingabea aparte, atxilotutako beste lagunek 20 eta 43 urte artean dituzte. Lapurdikoa da horietako bat, baina kanpoan sortuak beste laurak: Tarbeskoa bat, Gersekoa bestea, Mont de Marsangoa (Okzitania) beste bat, eta Comokoa (Italia) azkena.

Larunbatetik astearte arratsera arte presondegietan eduki dituzte bost atxilotuak. Baionan haietako lau; bestea emakumea da, eta Pauera eraman zuten, Baionako espetxean ez delako emakumeentzako modulurik. Hain justu, emakume hori Pauetik ekarri behar zutelako atzendu da epaiketa.

Tarbeskoari polizien aurka bortizkeria erabili izana egotzi diote. Comokoari, berriz, DNA laginak hartzen ez utzi izana, eta argazkirik egiten ere ez utzi izana. Bi horiei, bestalde, aurpegia estalita jardutea ere leporatu diete. Ez da delitua oraino —Frantziako Asanblea Nazionalak gaur onartu du lege proposamen bat, delitu izan dadin—, baina bai isun bat jartzeko arrazoi aski. Gersekoari, berriz, poliziek harriak jaurtitzea leporatu diote.

Tarbeskoak onartu du bide seinale bat andeatu zuela, baina erran du ez zuela ezer jaurti polizien aurka, bakezalea dela bera. Gersekoak aitortu du harri bat bota zuela, baina damu dela. Baionarrak, berriz, epaileari onartu dio, taldearen giroak eraginik, tindaketa bat egin zuela polizia etxean —GJ idatzi zuen, Jaka Horien inizialak—.

Italiarrak, berriz, denbora gehiago eskatu dio epaileari, bere defentsa prestatu ahal izateko. Defentsako abokatuak galdegin du libre utz dezaten. Prokuradorea gogor jardun da, ordea; erran du arriskua duela ihes egiteko, italiarra izaki. Ez dagoela halako arriskurik berretsi du defentsako abokatuak.

Epaileak, azken buruan, erabaki du denfentsa prestatzeko denbora gehiago ematea akusatu horri; otsailaren 25ean epaituko dute. Baina ukatu egin dio baldintzapean kaleratzeko eskaria. Elkartasun oihu eta kantuak egin dituzte epaiketan ikus-entzule zirenek momentu horretan, eta tentsioa sortu da, epaileak agindu baitu horietako batzuk aretotik kaleratzeko.

Prokuradoreak urtebeteko presondegi zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat, eta hirurek preso segitzea galdetu du. 1.500 euroko isun bana jartzeko ere bai, aurpegia estalia erabiltzeagatik. Epaileak ontzat jo ditu akusazioak, eta errudun jo ditu hiru akusatuak —Baionakoa, Tarbeskoa eta Gersekoa; Mont de Marsangoa adingabea da—. Polizia etxea andeatu zutela eta haietako batek polizia baten aurka indarkeria erabili zuela frogatutzat jo du.

Tarbeskoari zortzi hilabeteko presondegi zigorra ezarri dio (lau hilabete baldintzapean aske); Gersekoari, sei hilabetekoa (lau hilabete baldintzapean aske); Baionakoari, sei hilabetekoa (hilabete bat baldintzapean aske). 5.000 euroren kalte-ordainak ere galdegin dizkie. Armak erabiltzeko debekua ere eman die. Astearte gau honetan aske gelditu dira hirurak, eta adingabea. Italiarra, Paueko presondegira eraman dute; hilaren 25ean epaiketa egin bitarte han egon beharko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna