Euskara

Liburu bilduma, filma eta ekitaldia, Txillardegi omentzeko

'Dabilen pentsamendua' liburu bilduma osatu dute elkarlanean Jakinek eta EHUk. Txillardegiren pentsamendua jaso dute hiru libururan, eta haren biografia idatzi du Miren Rubiok. Larunbatean Txillardegiren omenezko ekitaldia egingo dute Musikenen

EHU, Jakin eta Korrikako arduradunak, eta biografiaren nahiz dokumentalaren egileak, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2019ko otsailaren 6a
07:14
Entzun

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren ekarpenari aitortza egiteko elkar hartu dute Korrikak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Jakinek. Hala, haren pentsamendua biltzen duten hiru liburu argitaratu dituzte Jakinek eta EHUk (Euskara batua, Nazio auzia eta Hizkuntzaren filosofia). Txillardegi idazle oparoa izan zen, eta argitaratu zituen 1.600 idatzi baino gehiagoren artean hautaketa egin du Alaitz Aizpuru Joaristik hiru lan horiek osatzeko. Joan Mari Torrealdaik, Joxe Manuel Odriozolak eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategik idatzi dituzte, hurrenez hurren, liburuetako hitzaurreak. Dabilen pentsamendua bildumaren barruan argitaratu dituzte hiru lanak, eta Lorea Agirre Jakineko zuzendariak aurreratu duenez, beste hiru liburu kaleratuko dituzte aurrerago Txillardegiren pentsamendua ardatz hartuta. Izan ere, Idazle eta pentsalariaren lana digitalizatuta dauka Jakinek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmen bati esker.

Horiekin batera, Miren Rubio kazetari eta Jakin Fundazioko langileak idatzitako biografia kaleratu dute EHUk eta Jakinek AEKren babesarekin: Txillardegi. Batasunaren pentsalaria. Rubiok berak gaur goizean EHUren Carlos Santamaria aretoan egindako ekitaldian adierazi duenez, modu asko dago Txillardegirengana hurbiltzeko, eta askotan "ertz bakarretik" heldu izan zaio, dela euskara, sozialismoa edo ETA. Hala, bere asmoa izan da "modu orokorrago" batean ematea Txillardegiren bizitzaren eta pentsamenduaren berri, "hobeki ulertzeko" zer egin zuen. Joxe Azurmendik idatzi dio hitzaurrea.

Igandetik aurrera, Txillardegiren biografia salgai egongo da BERRIA dendan. 13 euroan BERRIAlagunentzat, eta 15 euroan gainerakoentzat.

Txillardegi aitzindaria izan zen hainbat arlotan: euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, irekia, ez esentzialista, eta hizkuntza naziotasunaren erdigunean kokatu zuen nazioarteko pentsalariak gurera ekarriz; ,euskararen batasunaren eragiñe eta bultzatzaile nagusietako bat izen, euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen, eta Europako molde garaikideetara ekarri zuen euskal literatura Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin. Halaber, Ekin eta ETA sortzaile izan zen, eta politikan aritu zen gaztetatik. Gerora, ESB, HB eta Aralarren militatuko zuen. Euskararen aldeko eskubideen eragile garrantzitsua ere izan zen, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz taldearen barruan.

Korrikaren omenaldia

2018ko martxoan egindako batzarrean erabaki zuen AEK-k 2019ko Korrikan Txillardegi omenduko zuela, Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak esan duenez, Txillardegiren figura "oso lotuta" dagoelako euskalduntzearekin, eta batik bat euskara batuarekin. "1968ko Arantzazuko Biltzarraren euskara batuaren sorrera-agiritzat jotzen den txostenaren aurrekariak Txillardegik jarri zituen, 1964an Baionan egindako bileran". Aurten Klika da Korrikaren leloa, eta Txillardegik ere "klika" egin zuela gaineratu du Amondok: "Klika egin zuen erdaldun izatetik euskaldunberri izatera pasatzean, klika egin zuen euskal literatura modernizatzen, klika egin zuen euskara batuaren sortzaile izanda..."

Larunbatean omenaldi ekitaldia antolatu du Korrikak Musikene goi-mailako musika ikastegian, Donostian. Jakin eta EHUrekin batera, Txillardegi Liburutegia herri ekimeneko kideek ere hartuko dute parte saioan Txillardegiren gustuko ziren piano-piezek lagunduta. Era berean, oroigarria jasoko du Txillardegiren familiak, egindako ekarpen guztiaren esker onez. Ekitaldiaren amaieran, berriz, Kote Camachok zuzenduitako Txillardegi KLIKA ikus-entzunezkoa estreinatuko dute. AEK-k 2004an Txillardegiri egindako elkarrizketa bat hartu du ardatz Camachok dokumentala osatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.