Enpresak

Alstomen eta Siemensen bat egitea debekatu du Europako Batzordeak

Europako tren egileen arteko lehia eragotziko lukeela uste du Bruselak, merkatuaren kuota handiegia izango zutelako.

Margrethe Vestager Europako Lehia komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 6a
14:19
Entzun

Erabakia kolpe gogorra da ez soilik bi enpresentzat, baina baita haien atzetik dauden bi gobernuentzat, Alemaniakoarentzat eta Frantziakoarentzat. Biak ala biak presio egiten aritu dira azken hilabeteetan bat egitearen alde, argudiatuta Europak "industria txapeldunak" behar dituela nazioartean lehiatzeko.

Trenaren sektorean bereziki kezkatuta daude CRRC Txinako enpresa publikoarekin, sektoreko konpainia handiena bilakatu baita. Europako Batzordeak gogorarazi du CRRCk oraindik ez duela kontratu bakar bat lortu EBn, eta "denbora asko" beharko duela eskaintza interesgarriak egiteko.

Margrethe Vestager Lehia komisarioaren arabera, Alstomek eta Siemensek bat egiteak "prezio handiagoak ekarriko lituzke bidaiarien segurtasuna bermatzen duten seinalizazio sistemetan eta abiadura handiko hurrengo trenetan". Fusioa baimentzeko, aktibo batzuk saltzeko eskatu zion Vestagerrek bi enpresei, baina haien eskaintzak oso murritzak izan direla ziurtatu du. "Konpainiek dituzte gure kezka serioak erantzun nahi izan".

Alstom-Siemens batasunak 15.600 milioi euroko fakturazioa izan zuten urte horretan. Euskal Herriko enpresarik handienetakoa den arren, txiki geratzen da haien alboan Gipuzkoako CAF: 1.477 milioi.

Alstomen eta Siemensen arteko batuketak Railbus ezizena jaso zuen, Airbusek aeronautikan egin duenarekin pareka ziitekeelako asmoa: Europako trengile enpresa nagusi bat sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.