Lan osasuna

Amiantoak gutxienez 35 lagun hil zituen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Hildakoak "askoz gehiago" izan daitezkeela dio Asviamie biktimen elkarteak.

Asviamie elkarteko kideak, amiantoaren biktimen funtsa Espainiako Kongresuan eskatu zutenean. CHEMA MOYA / EFE
Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 7a
17:09
Entzun

Asviamie elkarteko kideak Donostiako Justizia Auzitegiaren aurrean batu dira gaur goizean. Eraikinaren barruan, amiantoarekin lotutako bi epaiketa izan dira.

Horietako batean, langile baten senideek 154.000 euroko kalte-ordaina eskatu diete Plasticos Tolosa eta Hayward Iberica enpresei, uste baitute han amiantoarekin kontaktuan lan egiteagatik izan zuela biriketako minbizia. Beste epaiketan, CAF, Viuda de Garmendia Construcciones eta Gutierrez Cuesta Eulogio enpresak dira salatuak; langile baten senideek 90.000 euroko kalte-ordaina eskatzen die, lantegi horietan margolari gisa egindako lanak pleurako mesotelioma —minbizi mota bat— eragin ziolakoan. Kasu batean zein bestean, amiantotik babesteko neurriak ez hartzea egotzi die Asviamiek enpresei.

Elkarretaratzean, Jesus Uzkudunek jakinarazi du Asviamiek 35 heriotza zenbatu zituela iaz. Erakundeak jakindakoak soilik dira horiek, eta ziur da askoz gehiago izango direla.

Nafarroan, Adavan elkartea sortu zuten iazko maiatzean amiantoaren biktimek eta haien ingurukoek, Asviamieren laguntzarekin. Ananar izeneko taldeak beste biktima batzuk biltzen ditu.

Funtsa eta erregistroa

Hurrengo urteetan amiantoak Europa osoan milaka lagun hilko dituela ziurtatu dute biktimen elkarteek, osagai horrek arnastu eta urte batzuetara eragiten duelako minbizia. Gaur egun erretiroan dauden langileak dira biktima gehien-gehienak, baina badira langileen arropa garbitzeagatik hildakoak ere.

Uzkudunek emandako datuen arabera, 9.850 lagun daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan amiantoarekin lan egindako langileak biltzen dituen erregistroan. Urtero mila langile gehiago biltzen dituzte. Nafarroako zerrendan 3.000tik gora langile daude.

Amiantoaren biktimei kalte-ordainak emateko funts bat sortzea da Asviamieren eta beste biktimen elkarteen eskaera nagusietako bat. Eusko Legebiltzarrak bitan egin dio eskaera Espainiako Kongresuari, uste baitu haren eskumena dela, baina diputatuek artean ez dute eskaera onartu. Frantzian horrelako funts publiko bat dagoela gogorarazi du Uzkudunek, eta hari esker saihesten dutela biktimek auzitara jo behar izatea, "tortura judizial bat delako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.