IMMATRIKULAZIOAK

Nafarroako Elizak 2.500dik gora ondasun erregistratu zituen bere izenean 2008ra arte

1998 aurreko immatrikulazioen zerrenda eskuratu du Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak: 1.431 erregistro berri azaleratu dira.

Lizoainen Iruñeko Apezpikutzaren aurkako protesta bat 2017an, immatrikulatutako etxe batetik 87 urteko emakume bat bota nahi zuela eta. IDOIA ZABALETA, FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko otsailaren 8a
18:41
Entzun

Eliza Katolikoak 2008ra arte Nafarroan eginiko immatrikulazioak 1.087 zirela azaleratu zuen Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak duela zenbait urte. Benetako kopurua, baina, horren bikoitza baino gehiago da: 2.518 immatrikulazio egin zituzten Artzapezpikutzak, elizbarrutiek eta parrokiek, 2008. urtera arte.

Izan ere, orain arte, ezagunak ziren 1998tik aurrerako datuak bakarrik; Espainiako Gobernuak, Jose Maria Aznar presidente zela, lege frankista bat moldatu eta elizari edozein eraikin mota bere izenean erregistratzeko aukera eman zionetik, alegia. Hori baino lehenagoko immatrikulazioen zerrenda eskuratu du plataformak orain, eta bertan aurkitu dituzten datuak "kezkagarriak" direla salatu dute.

"Uste genuena baino askoz gehiago dira immatrikulazioak: lehen ezagutzen genituen horiei gehitu behar zaizkie 1998 urtea baino lehen eginiko 1.431 erregistro. Hortaz, 2.500dik gora dira Elizak bere izenean jarri dituen ondasunak", azaldu du Andres Valentin plataformako kideak. Kopurua, ordea, handiagoa izan daitekeela uste dute: "Alde batetik, Espainiako Gobernuak ez ditu jakinarazi 2008tik aurrera eginiko immatrikulazioak; bestalde, orain lortu dugun zerrenda honetan, immatrikulazio edo erregistro-zenbaki beraren barruan sailkatuta daude bi edo hiru ondasun, eta udalerriekin nahiz katastroarekin erkatu beharko ditugu datuak, benetako kopurua ezagutze aldera".

Horrez gain, immatrikulazioak egin zirenetik gaur egun arte, Elizak bere izenean jarritako ondasunetako asko saldu dituela nabarmendu dute plataformako ordezkariek, "zergarik ordaindu gabe eta deklaratu gabe, beltzean".

Immatrikulatutako ondasunen %95 inguruk "gurtzarekin zerikustekorik ez" dutela ere esan du Valentinek: "Gehienak dira apaiz-etxeak, baratzeak, lorategiak, atrioak, lursailak...". Badira, ordea, salbuespen batzuk: Iruñeko Gotzain Jauregia (artzapezpikutzaren egoitza nagusia) eta Iruñeko San Agustin eliza, esate baterako. Salbuespen horiek "legez kanpokoak" direla salatu du plataformako ordezkariak: "1998ra arte, legez debekatua zegoen elizak, ermitak eta bestelako gurtza tokiak erregistratzea; hortaz, zerrendan gutxi batzuk ez badira ere, legez kanpo eginak daude immatrikulazio horiek".

Egoera konpontzea "oso zaila" izanen dela nabarmendu du Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak: "Ondasunak berreskuratzeko bide juridikoa itxia dago ia erabat". Hala ere, lege ekinbideak sustatuko dituzte udaletan; horrez gainera, prozedura administratibo bat proposatu dute, immatrikulazioak legez baliogabetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.