Sexu abusuak

Salestarren zuzendaritzak 1989tik zuen sexu abusu salaketen berri

Kongregazioak "barkamena" eskatu zuen salaketak publiko egin zirenean, "halako ekintza gaitzesgarririk gertatu bada". Gaur ateratako oharrean jakinarazi dute 1989tik zutela bi salaketen berri.

jarraia162617.jpg
2019ko otsailaren 8a
19:57
Entzun

"Barne ikerketaren oraingo egoeran baieztatu dugu, 1989 amaieran, bi salaketen berri izan zuela zuzendaritzak", esan du Deustuko (Bilbo) Salestarren eskolako zuzendaritzak, gaur ateratako oharrean: "Jakin dugu, hurrengo hilabeteetan zentroa eta kongregazioa utzi zuela salatutako pertsonak. Itxura guztien arabera, gure ekinbidea ez zen nahikoa izan, eta horregatik, barkamen eskea berresten dugu, kasu hauen larritasunak eskatzen zuen prestasunarekin ez aritzeagatik". Dagoeneko, gutxienez 17 lagunek salatu dute Salestarren irakasle ohia Ertzaintzan, sexu abusuengatik.

Otsailaren hasieran atera ziren argitara lehen salaketak. Deustuko Salestarrak ikastetxeko irakasle ohi batez mintzatu ziren salatzaileak, 1975etik 1990era ehunka umeren tutore, ikasketaburu eta aholkulari psikologiko izandakoa: Jose Miguel San Martin, don Chemi esaten ziotena. Salatzaileen arabera, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan izan ziren erasoak, ikasleek 8 eta 10 urte bitartean zituztela. Ertzaintzak urtarrilean ekin zion ikerketari.

Salaketa horiek publiko egitean, Kongregazioak "barkamena" eskatu zuen, "halako ekintza gaitzesgarririk gertatu bada". Orain jakin da, ordea, aurretik ere izan zutela salaketen berri. "Ezin dugu imajinatu denbora honetan guztian sentitu dituenn mina eta amorrua", adierazi dute ohar batean: "Ikertzen" jarraituko dutela ziurtatu dute: "Kongregazioak hartu duen konpromisoa da, eta amaieraraino eramango du". Ertzaintzarekin harremanetan jarri direla ere jakinarazi dute, ikerketan laguntzeko.

Gaur iluntzean, elkarretaratze bat egingo dute Deustuko Salestarren ikasle ohiek deituta. 19:30ean egingo dute bilkura, Deustuko San Pedro plazan, Egiak ez du preskribatzen eta Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez! lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.