21. Korrika

Txillardegiren omenezko ekitaldia egin du Korrikak

Donostiako Musikene goi-mailako musika ikastegian egin dute ekitaldia. Jakin eta EHUrekin batera, Txillardegi Liburutegia herri ekimeneko kideek ere hartu dute parte.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia, ekitaldian. JON URBE (FOKU)
2019ko otsailaren 9a
07:36
Entzun

Laurehun lagun bildu dira Donostian AEK-k eta Korrikak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri eginiko omenaldian, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Han, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak nabarmendu du euskara batuaren alde Txillardegik eginiko lana, eta horrek euskararen alfabetizazioarentzat suposatu duena: «Euskararen historian baldin badago gauza oinarrizko bat, hori da estandarra sortu izana: euskara batua». Korrikaren aurtengo edizioaren leloa gogoan hartuta, Txillardegik beste alor batzuetan egindako «klikak»ere gogoratu zituen.

Omenaldia AEK-k antolatu zuen, baina horren ardura partekatu zuen Jakin aldizkariko arduradunekin eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatekoekin. Dabilen pentsamendu bilduma sortu dute, eta aurreneko alea da Txilardegiren biografia bat, Miren Rubio kazetariak idatzitakoa.

Igandetik aurrera, Txillardegiren biografia salgai egongo da BERRIA dendan. 13 euroan BERRIAlagunentzat, eta 15 euroan gainerakoentzat.

Liburua eta dokumentala

Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak bere hitzartzean hizpide izan du Joxe Azurmendi pentsalariak liburuarentzat eginiko hitzaurrea. Azpimarratu du Txillardegik ekarri zuela «belaunaldien arteko talka», jauzia egin zuela arrazan oinarritutako naziotasunetik, euskara ardatz duenera, eta horrek eragin zuela «euskalduntasun berri batera klika».

Jon Zarate EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzarako errektore ordeak, berriz, gogoratu du unibertsitate horretako irakasle izan zela Txillardegi. Han izandako 20 urteetan egindako lan batzuk ekarri ditu gogora, soziolinguistika matematikoaren alorrean egindakoak, bereziki.

Ekitaldira joandakoek, halaber, Txillardegiren Klika dokumentalaren estreinaldia ikusteko aukera izan dute: Kote Camachok zuzendu du. 14. Korrikan Txillardegiri eginiko elkarrizketa du ardatz, eta euskararen ikas-prozesua, euskarazko unibertsitatearen lehen pausoak, eta beste hainbat gai jaso dituzte.

Trailerra dago ikusgai:

[youtube]https://youtu.be/tcknkjRF8Gw[/youtube]

Txillardegi Liburutegia Herri Ekimenekoen izenean, berriz, Asier Sota eta Asier Hormaza aktoreek Ramon Agirreren testu bat interpretatu zuten, eta beste behin eskatu zuten Donostiako liburutegi nagusiari haren izena jartzea.

Era berean, oroigarria jasoko du Txillardegiren familiak, egindako ekarpen guztiaren esker onez.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.