Kataluniako prozesu subiranistari epaiketa

Eskubide politikoak urratu direla salatu dute defentsa abokatuek

Akusatuei defentsarako eskubidea ukatu zaiela salatu dute auzipetuen abokatuek. Andreu Van den Eynde abokatuak autodeterminazio eskubidearen balioa nabarmendu du, gatazkak era baketsuan konpontzeko legezko bide gisa. Auziko epaileen inpartzialtasuna zalantzan jarri dute baita ere.

2019ko otsailaren 13a
07:11
Entzun

Aurretiazko kontuekin ekin diote gaur Kataluniako prozesu independentistaren buruzagien kontrako epaiketari, Espainiako Auzitegi Gorenean. Akusatuen abokatuek defentsa idatziak aurkeztu dizkiote epaimahaiari eta auziak gabezia larriak dituela nabarmendu dute. Akusatuen eskubide politikoak urratu direla eta defentsarako eskubidea ukatu zaiela salatu dute. Horrez gain, auziko epaileen inpartzialtasuna zalantzan jarri dute. Epaiketak izaera "politikoa" duela ziurtatu du Andreu Van den Eynde Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren abokatuak. Autodeterminazio eskubidea defendatu du hark, gatazkei konponbide baketsua emateko legezko bide gisa.

Van den Eyndek ohartarazi duenez, epaiketa "disidentzia politikoaren aurkako eraso bat da". Auzipetuei "etsaiaren zigor zuzenbidea" ezartzen ari zaiela salatu du. Besteak beste, "legaren interpretazio aurreikusezina, behin-behineko espetxealdiaren abusua eta berme judizialen gutxizea". Abokatuak "zigor zuzenbide demokratikoa" ezartzeko galdegin die Goreneko epaileei.

Auziaren izaera "politikoa" nabarmendu du Van den Eyndek. "Saiatuko zarete azaltzen hau iruzurraren aurkako epaiketa baten tankerakoa dela, baina zaila izango da". Van den Eyndek ziurtatu du akusatuen ideologia "baketsua" dela, eta eskubide demokratikoetan duela oinarri. "Herri guztiek dute autodeterminaziorako eskubidea", adierazi du. Gogora dakar Clara Campoamor gaurko egunez jaio zela, eta hark ere defendatu zuela emakumeen boto eskubidea, artean debekatuta zutenean: "Garaiak aldatzen dira. Ideia hori defendatzeko eskubidea izan behar dute [akusatuek]. Ez dago nazioarteko legerik sezesioa debekatzen duena".

"Eskubide politikoen aurkako kausa orokortzat" jo du auzia Van den Eyndek. Azaldu du "perturbazio ilegitimorik gabe" gauzatu behar direla eskubide politikoak, horiek "egiten gaituztelako herritar". Eskubide horiek mugatu direla argudiatzeko, hainbat adibide jarri ditu: hauteskunde kanpainan parte hartzeko debekua, kanpainan adierazpenak egiteagatik zigorra, inbestidura baten etena hautagaia espetxeratu zutelako (Jordi Turull), estigmatizazioa... "Kausak erabat baliogabetu ditu jende honen eskubide politikoak".

Abokatuak ohartarazi du epaimahaiak ongi azaldu beharko duela zergatik hartu diren gisa horretako neurriak. "Oinarrizko eskubideak ezin dira nahi den intentsitatean eta edozein arrazoirengatik mugatu. Argudiatu beharra dago. Argudiatu beharko duzue, ez badira urratu, zergatik mugatu diren eskubide horiek guztiak".

Melero abokatuak gaitzetsi egin du Forn Kataluniako Barne Kontseilari ohiaren eta Josep Lluis Trapero Mossoen buruzagiaren auzia bereizi izana. Trapero eta Teresa Laplana intendentearen aurkako auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean ari dira ikertzen. Melerok azaldu du bere defentsa "teknikoa" izan dela beti, ez politikoa.

Urriaren 1eko erreferendumean Poliziak izandako jardueraz Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak eginiko txosten bat froga gisa onartzeko eskatu du Melerok.

Sanchezen abokatu Pinak zalantzan jarri du auziko epaileen inpartzialtasuna. Haren ustez, akusatuek "zalantzak" izan ditzakete inpartzialtasun horren inguruan, instruzkio epaileak pluraleko lehen pertsonan idatzi baitzuen: "Sufrizen dugun estrategia". Eskatu du berriro aztertzeko epaiketa Katalunian egiteko aukera.

Egun batzuez epaiketa atzeratzeko eskatu du Pinak. Uste dute defentsa eskubidea urratu dela, oraindik ez dutelako dokumentazio guztia jarri defentsaren esku: "Ez dirudi zentzuzkoa epaiketa bat hastea froga guztiak izan gabe. Berdin digu maiatzaren 26an Txapeldunen Ligako finala edo hauteskundeak dauden: defentsarako eskubidea bermatu behar da". Katalanez deklaratzeko eskubidea ere urratu zaiela uste du Pinak.

Bestalde, hainbat froga aintzat hartzeko eskatu du abokatuak: Urriaren 1eko argazkiak —indarkeria egon ote zen jakiteko—, Jordi Sanchezen txioak eta prentsa artikuluak —haren "bakezaletasuna" frogatzeko—, Espainiako erregearen hitzaldia, Puigdemonten deklarazioa... "Zer kalte egiten du presidenteak pantaila bidez deklartzeak? Ez nuen nik kendu [Puigdemonten aurkako] euroagindua", adierazi du.

Ana Bernaola Turullen abokatuak argudiatu du akusazioak txosten polizialean oinarrizten direla soilik. Gaineratu du fiskalak, bere akusazio idatzian, "ebaki eta itsasi" egin zituela Poliziaren txostenetan jasotakoak.

Arratsaldeko saioan, Rullen abokatu Francesc Homsek hartu du hitza lehenik. Homsek bat egin du Pina eta Bernaola abokatuek esandakoekin, eta beraz, Benet Salellas Jordi Cuixarten abokatuari eman dio hitza epaimahaiak.

Salellasek nabarmendu du bere bezeroari leporatzen zaizkion ekintzak "oinarrizko eskubideen gauzapenean" eginikoak direla. Salellasen iritziz, egoera horrek eragin lezake epaiketa oinarrizko eskubideei buruzkoa "edo, are, horien kontrakoa" izatea. Ondorioz, Chilling efektua eragin dezakeela ohartarazi du. Hau da, eskubideak gauzatzen dituzenak epaitzen badira, erakundeek herritarrei bidaltzen dieten mezua da arriskutsua dela eskubideak baliatzea —protesta, bilera, manifestazioa, adierazpena...—. Horrek "edukiz hustu" dezake sistema demokratikoa. "Epaiketa hau ez da hasi behar. Hasten bada, ulertuko dugu eskubide eta askatasunak arriskuen mundu batean sartu direla". Amaitu du Salellasek.

Salellasen ostean, Olga Arderiu Carme Forcadellen txanda izan da. Akusazioaren eta defentsaren baliabide berdintasunarekin kritikoa da Arderiu ere, froga gisa onartu direlako poliziaren txostenetan jasotzen diren Forcadellen txio "moztuak edo manipulatuak", baina ez poliziaren txostenen aurkako frogak.

Errugabetasun presuntzioa ere urratu izana egotzi dio Arderiuk Auzitegi Gorenari: "Zigortuak balira bezala tratatuak izan dira". Adibide gisara, gogora ekarri du Auzitegi Gorenak kritikatu egin zuela Schleswig-Holsteingo Auzitegiak (Alemania) Carles Puigdemonten euroaginduaz emandako epaia, esanaz gertakariak Alemanian gertatu izan balira zigortu egingo lituzketeela.

Mariano Berges Bassa Generalitateko kontseilari ohiaren abokatuak ziurtatu du auzitegiak ez duela errespetatu akuatuen defentsarako eskubidea. Salatu du zer baldintzatan aztertu behar izan zuten auziperatze autoa: "Bi ordu eman zizkiguten 99 orrialde aztertzeko, poliziaz inguratuta". Bideoan ikus daiteke defentsarako eskubidearen urraketari buruz egin dituen adierazpenetako batzuk —euskarazko azpidatziak ditu—.

[youtube]https://youtu.be/9k-q4aCM-6g[/youtube]

Horrez gain, legalitate printzipioa ere ez dela bete gaineratu du; haren esanetan, ez baitago inolako oinarririk akusatuei matxinada leporatzeko, Kataluniako prozesuan ez delako indarkeria ekintzarik sustatu.

Judit Gene Borrasen abokatuak nabarmendu du akusazio partikularraren idatzia era desegokian dagoela aurkeztuta, dagoeneko baztertu diren kargu batzuk hari leporatzen saiatzen dela argudiatuta.

Josep Riba Mundo Generalitateko Justizia kontseilari ohiaren abokatuak ere akusatuei defentsa eskubidea urratu zaiela salatu du, aurretik beste defentsa abokatuek erabili dituzten argudio antzekoekin.

Pau Molins Vilaren abokatuak nabarmendu du bere bezeroak Kataluniako Gobernuan zuen kargua utzi zuela, ez zegoelako ados alde bakarreko independentzia deklarazioarekin.

Harena izan da azken hitzaldia. Epaiketak bihar jarraituko du, 10:00etatik aurrera.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.