Espainiako bozak

Apirilaren 28an izango dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ezohiko ministroen kontseiluan eman die erabakiaren berri ministroei, eta haren osteko agerraldian egin du iragarpena.

Pedro Sanchez, gaurko agerraldian. CHEMA MOYA, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 15a
07:29
Entzun

Data bat baino gehiago aipatu dituzte egunotan hedabideek, eta azkenean, Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak apirilaren 28an izango direla jakinarazi du Pedro Sanchez presidenteak. Ezohiko ministroen kontseilua deitua zuen gaurko —09:00etan bildu dira—, eta haren ondoren egindako agerraldian jakinarazi du bozetarako eguna: "Ezer ez egitearen eta aurrekonturik gabe jarraitzearen eta espainiarrei hitza ematearen artean, bigarrena hautatu dut. Espainiak aurrera egiten jarraitu behar du".

Asteon Diputatuen Kongresuak PSOEren gobernuaren aurrekontu proiektua atzera bota ondoren, ziurtzat jotzen zen gobernuak aurreratu egingo zituela hauteskundeak. Izan ere, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioaren bidez iritsi zen gobernura Sanchez, baina 84 aulki baino ez zituenez —350 dira Kongresuan—, gutxiengoan aritu da geroztik. Gaurko agerraldian, zentsura mozioa aurkeztu izana eta gobernuak hilabeteotan egindakoa defendatu du presidenteak: "Gobernu irekia, ez-alderdikoia eta ezberdinekin ados jartzeko borondatea zuena izan da".

Zentsura mozioa zilegia izan zela azaldu du Sanchezek, eta "aurrekontu sozialak" bultzatu nahi izan dituztela, azkenean babesik lortu ez arren. Gobernuak hiru helburu zituela kontatu du: hazkunde ekonomikoa, hazkunde hori "ezberdintasun soziala murrizteko erabiltzea", eta "autonomia estatua eta demokrazia" indartzea. Arlo sozialean onartutako legeak nabarmendu ditu PSOEkoak, eta gogora ekarri du autonomia erkidegoekin batzorde sektorialak eta aldebiko bilerak ere martxan jarri dituela: "Guk, konstituzioaren eta legaltasunaren barruan, hizketarako eta konponbideak bilatzeko prest gaude. Konstituzioaren barruan, dena, konstituziotik kanpo, ezer ez".

Egutegia

Hauteskundeak apirilaren 28an izan daitezen, 54 lehenago gorteak desegin behar ditu gobernuak, dekretu baten bidez. Desegite hori "denboran eta forman" egingo duela azaldu du gaur Sanchezek. Hau da, martxoaren 1eko ministroen kontseiluan onartu beharko lukete erabaki hori, martxoaren 5erako BOEn publikatzeko. Hala, apirilaren 12ean (ostirala) hasiko da hauteskunde kanpaina, eta Aste Santuan kanpaina bete-betean izango dira alderdiak. Hauteskunde egunak, berriz, San Prudentzio egunarekin egingo du bat Araban.

Apirila bukatuta, agudo iritsiko dira hauteskunde kanpaina gehiago ere. Maiatzaren erdirako berriz ere kanpainan egongo dira alderdiak Hegoaldean; izan ere, udal eta foru bozak izango dira maiatzaren 26an Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Egun berean ospatuko dira Europako parlamenturako hauteskundeak ere.

Egunotan data bat baino gehiago aipatu dituzte Moncloaren hurbileko iturriek. Informazio horien arabera, hainbat arrazoi hartu ditu kontuan PSOEren gobernuak uda baino lehen bozetara deitzeko. PPk, Ciudadanosek eta Voxek joan den igandean egindako manifestazioaren argazkia gertu izatea, esaterako, batez ere, Ciudadanosek hori bototan ordain dezakeela pentsatuta.

Gobernu bat gutxiengoan

Dena den, gobernuaren ezina izan da hauteskundeak aurreratzeko arrazoi nagusia. Zentsura mozioaren bidez ekainaren 1ean kargua hartu zuenetik, neurri sinbolikoetara mugatu da Sanchez, batez ere. Gaur bertan, esaterak, ohiko bilera egin du gobernuak, Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeari buruzko aginduaz aritzeko. Zortzi hilabeteotan, hamahiru lege eta 25 errege dekretu agindu ditu gobernuak —dekretu bidez funtzionatu du gehien, beraz—.

Urtarrilean, gainera, Andaluziako gobernua galdu zuen PSOEk. Ciudadanosen eta Voxen babesari esker, Juanma Moreno PPkoa aukeratu dute Andaluziako presidente. Espainiako hurrengo hauteskunde orokorrak gogoan, are eskuinerago joz hauspotu nahi duten aldaketa deitzen dioten hori Espainia osora eraman nahi dutela argi adierazi zuten, esaterako, Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiaren ahotik.

"Aro berri bat" irekitzeko aukeraz aritu zen Sanchez ekainaren 1ean, hauteskunderik irabazi gabe presidente izendatu zutenean. PSOEren babesaz gain (84 diputatu), Unidos Podemosen (67), ERCren (9), PdeCATen (8), EAJren (5), Compromisen (4), EH Bilduren (2) eta Nueva Canariasen (1) botoak jaso zituen Sanchezek. Ez du, ordea, haien babesari eustea lortu. PPk eta Ciudadanosek ez ezik, gobernuaren aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztu zieten ERCk eta PdeCATek ere.

Katalunia eta EAEren eskumenak

PSOEk "akats historikoa" egitea egotzi zien alderdi katalanei, baina ERCko Joan Tardak oroitarazi zien haiek utzi zutela Kataluniako auziari buruzko negoziazio mahaia. Izan ere, joan den ostiralean bertan behera geratu ziren elkarrizketak, Sanchezek autodeterminazio erreferendumaz hitz egiteari uko egin ostean. PdeCATeko eledun Ferran Belek ere ildo beretik jo zuen: "Osoko zuzenketek aurrera egiten badute, ez da izango PDeCATen eta ERCren erruz". Sanchezek, gaurko agerraldian, PPri egotzi Kataluniaren auzian gogorregi aritu izana, eta esan du bera oposizioan zegoenean "leial" aritu zela gobernuaren erabakien kontra egin gabe.

EAJren botoak ere erabakigarriak izan ziren Sanchez presidente izendatzeko, eta alderdi jeltzalea kezkatuago agertu da hauteskunde aurrerapenarekin. Izan ere, Espainiako ezegonkortasunak arriskuan jarri du EAEko eskumen berrien egutegia. Espainiako Gobernuak Gernikako Estatututik igortzeko dituen ia eskumen guztien egutegia helarazi zion Eusko Jaurlaritzari urtarrilaren 22an, eta prest azaldu zen 33 eskumenetatik zazpi martxorako emateko. Hauteskunde aurrerapenak, ordea, arriskuan jarri ditu eskumenak.

[youtube]https://youtu.be/hGlmCEHOggk[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.