Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Espainiako bozetara elkarrekin aurkeztea proposatu die Otegik alderdi subiranistei

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ohartarazi du ez dela onargarria PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatutako blokearen eta "lehengo bidetik jarraituko duen" gobernu sozialista baten artean aukeratu behar izatea. 

jarraia162978.jpg
arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 17a
10:54
Entzun

Europako Parlamenturako bozetara bezala, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara ere, beste alderdi subiranistekin batera aurkeztearen alde egin du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. "Hori da gure herrientzako demokrazia lortzeko bide bakarra eta baita autoritarismoari aurre egiteko modu bakarra ere". 

"Bat egiteko unea da, erabakiak hartzeko gunean egon behar dugu eta eraginkorrak izan", nabarmendu du Otegik, eta ohartarazi du penintsulako euskalherritarrei bi aukera soilik eman nahi zaizkiela: "PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatzen duten bloke autoritarioa" eta "eskubide nazionalak" ukatzen dizkien statu quo bat defendatzen dutenak. "Txarraren eta okerragoaren artean aukeratzea nahi dute". 

Horiek hala, preso politikoak atzeratzearen alde egingo duen eta autodeterminazio eskubidea defendatuko duen bloke bat sortzea proposatu du buruzagi subiranistak. "PSOE ez da gai estatua demokratizatzeko. Ez dugu ahaztu behar berak ere Katalunian 155. artikulua ezartzearen alde egin zuela", gogorarazi du. 

Urtarrilaren 26an aurkeztu zuten EH Bilduk, BNGk eta ERCk Europako hauteskundeetarako hautagaitza bateratua: Orain Errepublikak; Agora Repúblicas; Ara Repúbliques. Europako duela bost urteko bozetako emaitzak kontuan hartuz, milioi bat botoren bueltan ibil daiteke maiatzeko bozetan koalizioa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.