Ekonomia

AEBak eta Txina aurrez aurre berriro, gerra komertziala bukarazteko

Abenduaren 1ean biek adostutako su-etena martxoaren 1ean amaitzen da, eta akordio baten bila dabiltza Etxe Zuriak bere mehatxua bete ez dezan: 200.000 milioi dolarren muga zerga berriak ezartzea. Europan adi adi daude Washingtonek erabaki dezakeelako aurki auto europarrak gogor zergapetzea.

Robert Lighthizer  eta Liu He, Pekinen. MARK SCHIEFELBEIN / POOL
xabier martin
2019ko otsailaren 19a
12:02
Entzun

Gaur bertan abiatuko dira, Washingtonen, munduko gerra komertzialik handiena amatatu beharko luketen negoziazioak. AEBak eta Txina aurrez aurre izango dira laugarren aldiz iazko abenduaren 1ean potentzia biek hiru hilabeteko su-etena adostu eta gero. Elkarri muga zerga gehiago ezartzeko erabakiak eten egin zituzten orduan, baina Donald Trumpek epemuga jarri zuen behin betiko akordio bat lortzeko: martxoaren lehena. Eta Damoklesen ezpata altxaturik dagoela ere garbi utzi zuen: itunik lortu ezean, bere mehatxua beteko du, eta Txinari 200.000 milioi dolarren zerga berriak ezarriko dizkio. Esan beharrik ez dago: neurri horrek Pekinen erantzuna ekarriko luke, eta munduko merkatuak harrotu dituen gerra komertziala nabarmen areagotuko litzateke.

Hori eragozteko, Pekinen eta Washingtonen negoziatzaileek gaur bertan hasiko dituzte azken hiruhileko honetako laugarren negoziazio errondak. Jeffrey Gerrish AEBko Kanpo merkataritzako idazkariaren albokoarekin elkartuko dira Txinatik iritsitako ordezkariak lehen egunean. Talde biek aurreko egunetan lortutako "aurrerapausoak" eta "sintonia ona" berretsiko dituzte, E egunaren zain dauden bitartean. Ostegunean, Kanpo Merkataritzako buru Robert Lighthizer, Altxorraren idazkari Steven Mnuchin eta Merkataritzako idazkari Wilbur Ross eseriko dira Pekindik joandako ordezkaritzarekin, eta, batzarraren garrantzia garbi uzteko, Trumpen konfiantza osoko beste bi ordezkari egongo dira: haren ondokoa, Larry Kudlow, eta politika ekonomikorako haren aholkularia, Peter Navarro.

Pekinen egindako azken negoziazioak "oso emankorrak" izan direla esan berri du Trumpek berak, eta "ohorea" litzateke Etxe Zuriko buruarentzat Txinari ezartzekoak diren muga zergak erretiratzea. Gustuko duen akordio bat erdietsi beharko dute aldeek aurrena, ordea.

Europako autoen auzia

Liu He Txinako lehen ministrordea Washingtonen izango da gaur bertan, baina ez dute jakinarazi Donald Trumpekin elkartuko den ala ez. Agian, negoziazioen emaitzen arabera gertatuko da bilera hori. Horiek horrela, gaur abiatuko den negoziazio sortak erabakigarria ematen du munduko bi potentzia ekonomiko handienen arteko harremanak aurrerantzean nolakoak izango diren jakiteko. Beti geratuko da, ordea, luzapenaren karta. Trumpek berak esan du akordiora "behar bezain beste" hurbiltzen badira hura itxi gabe ere prest legokeela 200.000 milioi dolarren muga zergen neurriak berriro atzeratzeko.

Donald Trumpen agendaren lehen lerroan egon dira hasieratik gerra komertziala eragin duten neurri protekzionistak, eta politika horren lehen jomuga Txina izan da. Iazko uztailean, esaterako, Txinarekin eragindako gerra komertzialean beste koska bat igoarazi zuen. Dena den, munduko beste potentzia guztiekin piztu ditu suak, betiere AEBen posizio ekonomikoa indartu nahian. Europako Batasunarekin ere nor baino nor gehiago aritu zen muga zergen pistolarekin jolasean, harik eta iazko uztailean akordioa itxi zuen arte Bruselarekin. 

Akordioak akordio, Trumpek mahai gainean dauka Europako autoak muga zerga bereziekin zergapetzeko erabakia, eta ordu batzuk barru ezagutarazi dezake Merkataritza Sailak egindako ikerketaren emaitza. Horren arabera Europako industriaren motor nagusia oztopatzea erabaki dezake. Alemania litzateke herrialde zigortuena, hark esportatzen baititu auto gehien AEBetara; Trump hiru hilabete lituzke zirt edo zart egiteko. Europako Batasunak esan du "konfiantza" duela Trumpekin egindako akordioarekin, baina zerga bereziak baletoz "segurtasun nazionalaren" aitzakian, "berehala" erantzungo luke Batasunak, eta azken hilabeteetan lo dagoen gerra komertzlalaren beste fronte hori esnatuko litzateke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.