G7 Biarritzen

G7koen gailurra bertan behera uzteko eskatu diote Biarritzeko auzapezari

Gaur goizean elkartu dira Michel Veunac Biarritzeko auzapeza eta G7koen gailurraren kontrako plataformako kideak. Manifestazio eskubidea bermatzeko eskatu dute plataformako kideek.

G7koen kontrako plataformako kideak, gaur goizean, Bairritzeko herriko etxe aitzinean. GUIILAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko otsailaren 20a
07:13
Entzun

G7koen gailurra ez dadila egin eta Biarritzeko herriko etxeak ez ditzala bere azpiegiturak gailurraren mesedetara jarri. Hara zer eskatu dioten gaur goizean G7koen gailurraren kontrako plataformakoek Michel Veunac Biarritzeko auzapezari. Gailurraren kontrako argumentuak aurkeztu dizkiote, besteak beste, sinesgarritasun falta mahai gainean ezarrita: "Oroitarazi diogu nola Kanadako G7koen gailurraren ondotik, txio bakar batez, gailurrean hartutako engaiamendu guziak pikutara bidali zituen Donald Trump AEBtako presidenteak", azaldu du Patricia Leuenberger plataformako kideak. "Gailurraren antolaketaren gastua ere aipatu diogu. Herritarrei indarrak egiteko eskatzen diguten bitartean, sekulako dirutza gastatuko dute zazpi presidente horiek elkartzeko. Ez du inolako zentzurik".

G7koen gailurraren harira hartuko dituzten polizia neurriei begira ere kezka agertu diote plataformako kideek Veunaci. "Iazko Alemaniako G20ean istilu larriak egon ziren, 2001ean poliziak gazte bat hil zuen Genevan (Italia)", adierazi du Hartzea Lopez plataformako kideak. Abenduaren 18an Biarritzen izandako gertakariak ere gogora ekarri ditu. "Polizia dispositibo arina hitz eman ziguten, eta azkenerako, neska gazte bat larriki zauritu zuten pilotakada baten ondorioz", salatu du.

Plataformakoen hitzetan, Biarritzeko dendariak kexatzen hasiak dira hornikuntza aldetik arazoak izango dituztela eta segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dituztela aurreikusten dutelako. "Gailurraren jarraipena egitera etorriko diren 4.000 kazetariek bertan erosketak eginen dituztela diote, baina, izanen diren segurtasun neurriekin pentsa dezakegu ez dutela [Ipar] Euskal Herria bisitatzeko denbora eta aukera gehiegi izanen", salatu du Danielle Nopalek. Plataformako kide izateaz gain, Biarritzeko herritarra ere bada; gailurraren garaia biarriztarrentzat "infernua" izanen dela baieztatu du. Gaur arratsean egitekoa dute G7koen gailurrari buruzko lehen informazio bilkura, 18:30ean, herriko kasinoan. Michel Veunac auzapezak eta Herve Jonathan Baionako suprefetak hartuko dute parte.

Manifestazio eskubidea

G7koen gailurra Biarritzen eginen dela jakin denetik agintearen ordezkariak "elkarrizketarako prest" agertu badira ere, orain arte haiekin ez dutela harremanik izan salatu dute plataformako kideek. Beraiek egin zioten Michel Veunaci bilkura eskaera. Jarrera "suharrarekin" agertu dela azaldu du Dominika Daguerrek, plataformako kideei behin eta berriz hitza moztuz. "G7koen gailurra Biarritzera etor zedin berak nahi zuela erran digu. Sinetsia da honura ekonomikoak ekarriko dituela", adierazi du Pettan Latailladek.

Pirinio Atlantikoetako prefetak departamendu guzian manifestatzeko debekua ezartzea aipatu ondotik, G7koen gailurraren kontrako ahotsak zer leku izanen zuen eskatu diote plataformako kideek Veunaci, eta hau manifestazioak egitearen alde agertu dela baieztatu dute. "Baina eskapatu zaio nahiago duela manifestazio horiek isiltasunean eginen balira", azaldu du Latailladek. Momentuko, aukera guziak aztertzen ari dira plataformako kideak eta espero dute laster jakinarazi ahal izatea agorrila bukaerarako planteamendua. "Gure helburua da gailurra ez egitea, eta egiten bada, erabat blokeatzen saiatu gara", aldarrikatu du Lopezek.

Bilkuraren ondotik auzapezaren adierazpenak eskatu ditu Berriak, baina ez du oraingoz komunikazio zerbitzuen erantzun baikorrik jaso.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.