Musika

La Polla Records taldeak itzuli egingo dela eman du aditzera

Kontuak sortu berri ditu hainbat sare sozialetan eta, Usurbilgo Higain estudioetako argazki batekin, honako esaldia argitaratu du: "Eta ni hilda nengoela, altxa egin naiz. Nire azken gudua zain daukat".

2019ko otsailaren 20a
07:46
Entzun

La Polla Recordsen zaleak urduritzen hasita daude taldeak sare sozialetan zabaldu duen mezuarekin. Esplizituki esan gabe, oholtzara itzuliko dela eman baitu aditzera Aguraingo (Araba) punk taldeak. Kontuak sortu ditu Twitterren, Facebooken eta Instagramen, eta honako mezua argitaratu du: "Eta ni hilda nengoela, altxa egin naiz. Nire azken gudua zain daukat".

Litekeena da diskoa grabatzen aritu izana, gainera. Facebookera igo duten argazki hori, Hala Bedi-k jakinarazi duenez, Usurbilgo (Gipuzkoa) Higain estudioetan aterata baitago.

Evaristo Paramosek, Manolo Garcia Sumek eta Abel Muruak osatzen duten taldeak duela 16 urte desegin zuten La Polla Records. Itzultzea erabakiko balute taldearen sorreraren 40 urteurrenean bueltatuko lirateke.

Hala Bedik adierazi du bi bira egingo dituela. Bata, estatu espainiarrean eta bestea Latinoamerikan.

La Polla Records 1979an sortu zen Agurainen eta Euskal Herriko punk talde ezagunenetakoa izan da. Sona handia izan dute bere abestietako hitzek, azken hamarkadetako gizartearen kritika zorrotza eta errebeldea egiten asmatu zutelako, umorez eta ironiaz lagundurik.

Taldeko kideek apenas instrumenturik jotzen jakin gabe hasi zirela aitortzen dute. Garaje eta tabernetan jotzen hasi ziren, eta 1983an argitaratu zuten lehen diska, lau abestirekin, ¿Y ahora qué? [Eta orain zer?] izenekoa. Hurrengo urtean kaleratu zuten taldearen izaera era landuagoan jaso zuen lana: Salve. Hameretzi kanta biltzen ditu eta abesti horien hitzetan gizarteko botere erakunde eta menperakuntza harreman oro salatzen ditu La Pollak; izan kapitalismoa, eliza katolikoa, estatuko botere egiturak, faszismoa edo gizartearen alienazioa.

Hurrengo urteetan heldu ziren Revolucion [Matxinada], No Somos Nada [Ez gara ezer], Donde Se Habla [Hitz egiten den tokian], En Directo [Zuzenean] eta Ellos dicen mierda notsoros amen [Haiek kaka diote eta guk amen], besteren artean.

1994an, La Polla izatera pasa zen taldea, soinu teknikari batekin epaiketetan izan zuen auzi baten ondorioz. Izen horrekin kaleratu zituen Carne pa' la picadora [Haragia makina xehetzailearentzako] eta La Polla en TuRecto [La Polla zure uzkian]. 1999an, taldeak bere 20. urteurrena ospatu zuen Toda la puta vida igual [Bizi puta guztia berdin] diskarekin.

Fernandito baterijolea bira egiten ari zirela hil zen, bihotzekoak jota, 2002ko irailean. Taldeak bere kontzertu guztiak utzi zituen bertan behera. Tripik hartu zuen haren lekua, eta La Pollak azken diska kaleratu zuen, 2003an: El ultimo (el) de la polla [La Pollaren azkena].

Taldea desegin ondoren, Evaristok beste musika proiektu batzuekin jarraitu zuen bere ibilbidea. The Kagas, The Meas eta Gatillazo taldeetan ibil zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.