Espainiako erregea: "Legeak errespetatu gabe, ez dago demokraziarik"

Aipamen zuzenik egin ez arren, Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiteaz aritu da Felipe VI.a Espainiako estatuburua, juristen Madrilgo kongresu batean.

Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidentea, Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohia eta Felipe VI. Espainiako erregea. JAVIER LIZóN, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 20a
13:20
Entzun

Kataluniako buruzagi independentisten aurka Espainiako Auzitegi Gorenean irekita dagoen prozesu judizialaz hitz egin du Felipe VI.a Espainiako erregeak gaur. Akusazioen tesien ildotik hitz egin ere, horri buruz ari zela zehazki aipatu ez duen arren. Espainiako estatubuaren hizetan, "ez da onargarria ustezko demokrazia bat aipatzea zuzenbidearen gainetik". Zuzenbidearen Munduko Kongresua egiten ari dira 2.000 jurista inguru Madrilen, eta hango hitzaldi publikoan egin ditu adierazpenak Espainiako erregeak.

"Ustezko demokrazia" horren izenean, Espainiako legediaren gainetik jardun izana egotzi die akusatuei: "Izan ere, legeak errespetatu gabe ez dago ez bizikidetzarik, ez demokraziarik; segurtasun falta eta bidegabekeria baino ez dago, eta, azken buruan, gizartearen printzipio moral eta zibikoak hausten ditu".

Otsailaren 12an hasi zen Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa, eta akusatuak ari dira deklatzen egunotan. Gaur bertan, Josep Rull Lurralde Antolaketarako kontseilari kargugabetua ari zen deklaratzen Espainako estatuburuak adierazpen horiek egin dituenean.

Besteak beste, Kataluniako parlamentuko presidente Roger Torrentek erantzun dio: "Onartezina dena da estatuak auzitegiak erabiltzea herritarren borondate demokratikoaren aurka".

"Kontsentsu handiak"

Sari bat ere eman diote Felipe VI.ari Madrilgo kongresuan: Askatasunaren eta Bakearen Munduko Saria. Halako kongresu bat Espainian egin izanak erakusten du, Espainiako erregearen hitzetan, "oinarriak ondo ezarrita" dauzkala Espainiako zuzenbide estatuak. Arazo "serio eta larriak" dituztela aitortu arren, haren "erabateko gaurkotasuna eta balioa" aldarrikatu ditu, eta garai historiko bakoitzera "egokitzen" ari direla esan du, "desnaturalizatu gabe eta kontsentsu handien bidez".

"[Espainiako] Konstituzioa da eta izango da nire jardun guztiaren iparra. Eta koroaren independentzia eta neutraltasuna, Espainiarekiko nire konpromiso zibikoa, demokraziaren eta askatasunaren zerbitzuan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.