Musika

Joan Baez eta Jamie Cullumekin hasiko da Donostiako 54. Jazzaldia

Joe Jackson, Silvia Perez Cruz, Martirio, Atomic, Moppa Elliott, Charles McPherson eta Houston Person batu dira programaziora

Joan Baez, 2017an emandako kontzertu batean. ROBIN TOWNSEND / EFE
mikel lizarralde
2019ko otsailaren 21a
13:39
Entzun

Aurrez iragarritako Jamie Cullumekin batera, Joan Baez kantari estatubatuarra ariko da Donostiako 54. Jazzaldiaren inaugururazioko kontzertuan, Zurriolako hondartzako Agertoki Berdean. Uztailaren 24an izango da kontzertua, eta 28ra arte iraungo duen programazioari emango dio hasiera.

AEBetako herri musikaren ikono handienetakoa da Joan Baez 1960ko hamarkadaz geroztik, eta bere agurreko biran dago sartuta dago gaur egun. Beraz, Euskal Herrian ikusteko azken aukera izango da Donostiakoa. Baez (AEB, 1941) oso ezaguna egin zen 60ko hamarkadaren amaieran, eta protesta kantuaren ikur nagusietakoa bilakatu zen Vietnamgo gerraren aurkako mugimendua indarrean zegoen bitartean. Bere ibilbidean kantu tradizionalak abestu izan ditu, baina, batik bat, beste artista batzuen bertsioek egin dute ezagun. Izan ere, Bob Dylan, The Beatles, Jackson Browne, Violeta Parra eta Paul Simonen kantuak interepretatu izan ditu. Mikel Laboa eta Joxan Artzek idatzitako Txoria txori ere abestu izan du zuzenean.

[youtube]https://youtu.be/E_SQmlHyyvA[/youtube]

Silvia Perez Cruz Trinitate plazan ariko da uztailaren 28an, azkeneko egunean, Toquiño gitarrista brasildarra eta Javier Colina kontrabaxu jotzaile nafarra lagun dituela, eta agertoki berean ariko dira 27an eta 28an, hurrenez hurren, Houston Person eta Charles McPherson saxofonistak.

Martirio abeslariak eta Chano Dominquez pianistak duela gutxi grabatu dute disko bat Bola de Nieve kubatar musikariaren konposizioei omen eginez, eta Donostiako Jazzaldian aurkeztuko dute, eguerdiko saio batean, Viktoria Eugenia antzokian.

Joe Jackson, new wave mugimenduaren izen nagusietakoa izan zena, bere aldetik, Kursaaleko auditoriumean  izango da. Fool (2019) disko argitaratu berria aurkeztuko du, baina pentsatzekoa da bere ibilbideari errepasoa egingo diola, Four Decade Tour izena jarri baitio birari.

[youtube]https://youtu.be/Px1dqzlQkcI[/youtube]

Jazzaldian izango dira, halaber, Atomic Eskandinaviatik datorren taldea eta Moppa Elliott baxu jotzaile estatubatuarra.

Aurretik iragarri bezala, John Zornek Bagatelles maratoia egingo du Kursaaleko auditoriumean eta Neneh Cherryk Agertoki Berdean abestuko du. Trinitate plazan izango dira, berriz, Diana Krall, Maria Schneider, Donny McCaslin eta Joshua Redman.

Gaur bertan jarriko dira sarrerak salgai Jazzaldiaren webgunean eta Donostia Kulturaren atarian.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.