Venezuela

Guaidok adierazi du kamioi bat sartu dela Brasildik Venezuelara

Kolonbiatik Venezuelara "laguntza humanitarioa" sartzen saiatuko direla iragarria dute Guaidok eta haren nazioarteko aliatuek. Kolonbiako eta Brasilgo mugak itxita dauzka Madurok.

Venezuelako militarrak Kolonbiarekin mugan dagoen Ureña herrian, gobernuari babesa adierazteko kontzertu jaialdian. HECTOR PEREIRA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 23a
07:20
Entzun

Venezuelako Gobernuak "erabat" itxi du herrialdearen eta Kolonbiaren arteko muga, Venezuelaren subiranotasunarentzako "mehatxuei" erantzuteko. Juan Guaido oposizioko kideak eta haren nazioarteko aliatuek adierazia dute gaur hasiko direla "laguntza humanitarioa" Venezuelara sartzen. Baina Nicolas Maduro Venezuelako presidentea ez dago sarrera baimentzeko prest, bestelako esku hartze bat ezkuta dezakeela iritzita. Hori dela eta, muga guztiz ixtea erabaki du. Guaidok adierazi du kamioi bat Venezuelara sartzea lortu dutela, Brasilgo mugatik. Hedabide batzuek, ordea, besteak beste Telesur kateak eta AEBetako Bloomberg konpainiak, gezurtatu egin dute hori. Guaidok adierazpena egin ondoren Telesurrek erakutsi dituen zuzeneko irudietan bi kamioi txiki mugan geldituta ageri ziren.

Kolonbian, berriz, hainbat kamioi mugan geldirik daude. Kolonbiako mugaren ondoan dagoen Ureña herri venezuelarrean, hainbat liskar izan dira, hainbat berri agentziaren arabera.

Kolonbiako muga ixteaz gain, Brasilgoan ere neurri bera hartu du Madurok. Venezuelako Gobernuak eten egin ditu, gainera, aire eta itsaso bidezko komunikazioak Aruba, Bonaire eta Curaçao uharteekin.

"Gobernu bolivariarrak jakinarazten du Kolonbiako Gobernuak bakearen eta Venezuelaren subiranotasunaren aurka egindako mehatxu larri eta ilegalak direla eta, Simon Bolivar, Santander eta Union zubiak behin-behinean ixtea erabaki duela", adierazi du Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordeak, Twitter bidez.

Rodriguezen esanetan, Ivan Duque Kolonbiako presidentea bere herrialdeko lurraldea erabiltzen ari da "venezuelarrek bakean eta subiranotasunean bizitzeko duten eskubideari eraso" egiteko. Duqueri Donald Trump AEBetako presidentearen aginduetara aritzea leporatu dio.

Venezuelako presidenteordeak gaineratu duenez, mugak berriz irekiko dira "indarkeria ekintzak" kontrolpean izatea lortzen dutenean.

Kolonbiako mugan dagoen 600 tonako "laguntza humanitarioa" sarrarazten ahalegintzeko, milaka lagun elkartu zituen kontzertu bat antolatu zuten atzo Guaidok eta haren jarraitzaileek, Kolonbiako Cucuta hirian, baina, handik 300 metrora, Tienditas zubiaren beste aldean, Venezuelako Gobernuak antolatu zuen berea, atzerriko esku hartzeen aurka. Guaidok Kolonbiako ekitaldian parte hartu du, nahiz eta Venezuelako Jusitiziak herrialdetik irteteko debekua ezarria dion. Muga zeharkatzeko venezuelako militarren laguntza jaso duela eman du aditzera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.