Vatikanoko goi bilera

Elizak abusu kasuak justizian salatuko dituela ziurtatu du Frantzisko aita santuak

Eliza katolikoaren buruaren hitzaldi batekin amaitu dute sexu abusuen gaineko goi bilera Vatikanoan. Frantziskok nabarmendu du Eliza ez dela "sekula" saiatuko abusu kasurik "ezkutatzen edo gutxiesten". Ez du neurri zehatzik jakinarazi.

Jorge Mario Bergoglio Frantzisko aita santua, herenegun, sexu abusuei buruzko Vatikanoko goi bileran. GIUSEPPE LAMI, EFE
2019ko otsailaren 24a
12:40
Entzun

Vatikanoko hiri estatuan mundu osoko gotzainak bildu dira, lau egunez, adingabeen sexu abusuen inguruan hitz egiteko. Helburu izan dute protokolo bat adostea abusu horiek eragozteko eta salaketak bideratzeko. Goi bileraren hasieran, Eliza katolikoaren buru Jorge Mario Bergogliok, Frantzisko aita santuak, zenbait proposamen azaldu zituen: salaketak jasotzean horien berri ematea agintaritza zibilei; zigortutako apaizak kargugabetzea; apaiz egin nahi dutenei aurrez azterketa psikologiko bat egitea; eta salaketak aztertzeko zentroak sortzea, besteak beste.

Goi bilerari amaiera eman dion hitzaldian, Frantziskok ziurtatu du Eliza katolikoak "beharrezkoa den guztia" egingo duela abusu sexualak egin dituen "edonor" justiziaren aurrera eramateko, eta "sekula ez dela saiatuko abusu kasurik ezkutatzen edo gutxiesten".

Aita santuak nabarmendu du haurren kontrako abusuak "unibertsala eta zeharkakoa" dela. Nazioarteko hainbat erakunderen txostenak aipatu ditu. Hala ere, argitu du horrek ez duela "Elizaren barruko izugarrikeria" murrizten. "Elizaren barruko gizatasun falta are larriagoa eta eskandalagarriagoa da, duen autoritate moralarekin eta sinesgarritasun etikoarekin kontrastatzen duelako".

Elizak bere barruan atzematen den kasu orori "seriotasun handienarekin" aurre egingo diola hitzeman du Frantziskok, eta gaineratu du abusuak jasak dituzten adin txikikoak "entzutea, bideratzea, babestea eta zaintzea" izango dela Elizaren helburua.

Vatikanoan hiru egunez izan dituzten eztabaidaren ondoren, Elizari "argibide uniformeak" emateko ordua dela nabarmendu du katolikoen buruak. Ez du zehaztu, baina, argibide horiek zein izango diren.

Egunotan, biktima batzuen testigantzak entzun dituzte Vatikanoan, eta hainbat alorretako profesionalenak: psikologoak, komunikazio adituak... 190 parte hartzaileetatik hamabi emakumeak izan dira: mojen hamar ordezkari eta Vatikanoko bi funtzionario.

"Auzi honi ematen diogun erantzuna Elizaren sinesgarritasunaren froga izango da", nabarmendu du Federico Lombardi goi bilerako moderatzaileak. Hans Zollner goi bileraren antolatzaileak adierazi du elizkoien artean "etsipen handia" nabaritu duela gaiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.