Presiopean egindako deklarazioak
Instrukzio epaitegira eraman zutenean, bere helburu bakarra espetxetik ateratzea zela aitortu du Cuixartek, eta orduan eginiko adierazpenak une hartako tentsioarekin lotu ditu.

Gogor aritu da oso fiskala Jordi Cuixart Omniumeko presidentearen aurka. Behin baino gehiagotan kargu hartu behar izan dio Manuel Marchena epaileak akusazioko abokatuari. Haietako bat izan da Cuixartek instrukzio garaian egindako adierazpenei erreferentzia egin dienean.
Epaileari eginiko adierazpenen eta gaur egiten ari zen horien arteko kontraesana nabarmendu nahi izan du fiskalak, eta, horren inguruan, Cuixartek aitortu dio lehen aldiz epailearen aurrera eraman zutenean espetxetik irtetea zuela helburu bakarra. "Orain ez. Orain, preso politikoa naiz, eta nire lehentasuna ez da kartzelatik ateratzea. Nire lehentasuna da —noski, absoluzioaz gain— konponbide bat bilatzea Kataluniaren auzian".
Handik minutu batzuetara, bigarrenez saiatu da fiskala instrukzio epaileak osatutako txostenari erreferentzia egiten. Baina aldi horretan Marchena bera izan da hura moztu duena, esanez Cuixartek dagoeneko ukatu dituela orduan esandakoak eta, beraz, epaimahaiak ezin dituela haiek aintzat hartu.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.