Cuixart: "Deitu tsunami, baina ez diogu uko egingo gizarte demokratikoagoak bilatzeari"

Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 26a
20:28
Entzun

Omnium Cultural elkarteko presidenteak mobilizatzeko eskubidea eta desobedientzia zibila defendatu ditu, "gizarteek euren garapen sozialerako daukaten tresna" direla iritzita. Tentsio handiko deklarazioa izan da Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteko presidentearena. Jaime Moreno fiskalaren galderei erantzuten pasatu du denbora gehien, eta galde-erantzunetan baino gehiago, eztabaidan aritu dira une batzuetan, Cuixartek salatu duenez galderak baino gehiago balorazioak egin dituelako fiskalak askotan.

2017ko irailaren 20ko gertaerez ari zirela, esaterako, mosso batek batzorde judizialeko funtzionarioei eramandako ogitartekoen inguruan galdetu dio fiskalak, handik ezin zirela atera iradoki nahian. "Ea, ea, ea...", hasi da erantzuten Cuixart, eta fiskalak eten ondoren, hala jarraitu du: "Justizia arloko funtzionario batzuek ogitarteko batzuk eskatu zituztela irten ezin zirelako, hori galdetzen ari bazara, nire erantzuna jakina da. Nola jakingo dut nik bost funtzionariok ogitartekoak eskatu izanaren arrazoia? [...] Edonola ere, seguru nago ez zela izan jaitsi ezin zirelako, korridorea erabil baitzezaketen. Beraz, oso ondo iruditzen zait ogitartekoak eskatu izana".

Ika-mika horien gainetik, dena den, Cuixartek defendatu egin du 2017ko irailaren 20an eta urriaren 1ean egin zuten guztia. "Preso politikoa naiz, eta, 500 egun preso egon ondoren, nire lehentasuna ez da espetxetik ateratzea, Katalunian eta Espainian eskubideen eta askatasunaren aurka egiten ari den erasoak salatzea baizik", esan du. Etengabe aritu da "demokraziaren" eta adierazteko eta antolatzeko oinarrizko eskubideen alde: "Deitu tsunami, baina ez diogu uko egingo gizarte demokratikoagoak bilatzeari".

"Autogobernuari erasoa"

Horretarako bideez aritu da batez ere Cuixart, eta ukatu egin du inoiz indarkeria erabiltzea pentsatu dutela. "Nahiz eta diktadorea ohean hil zen, kalera atera ziren espaniar herritarrengatik lortu zen demokrazia. Katalunian ere herritarrek defendatu zuten demokrazia. Zuzenbide estatua zen diktadura ere, baina ez demokratikoa eta soziala. Zuzenbide estatua ezin da demokraziaren gainetik jarri", esan du auzipetuak. Irailaren 20ko gertaerak —atxiloketak, alkateak auzipetzea, egoitzak miatzea...— "salbuespenezko gertaerak" izan zirela azaldu du, eta horren aurkako agertzea zela mobilizazioen helburua: "Gizarte katalanarentzat, autogobernuaren kontzeptua, autonomia katalana berreskuratzea, Espainiako Konstituzioaren aurretikoa da. Irailaren 20an herriak bere instituzioei eraso zietela sentitu zuten, eta erantzun egin zuten".

Desobedientzia zibila eta erresistentzia ez-biolentoa ere defendatu ditu, "gizarteek euren garapen sozialerako daukaten tresna" dela nabarmenduz: "Nazioarteko komunitatearen eta estatuko botereen arreta erakarzeko modua da". Fiskala etengabe aritu da "indarkeria" zantzuak bilatu eta auzipetuekin lotu nahian, Cuixartek egindako txioak eta kaltetutako Guardia Zibilaren autoak lotuz, esaterako.

Eskolak defendatzera ere deitu zuela leporatu dio Omnium elkarteko presidenteari. Hannah Arendt, Mahatma Gandhi eta bestelako erreferenteak aipatuz, Cuixartek azaldu du erresistentzia ez-biolentoa ez dela erresistentzia pasiboa, jarrera "proaktiboa" erakustea baizik, baina muga argi batekin: biolentziarik ez erabiltzea. Horregatik, harro agertu da mugimendu subiranistak printzipio horiei eutsi dielako: "Ahal bezainbat erreferendum egingo ditugu, erreferendum bat biolentziarik gabe egitea posible izan arte".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.