Artur Mas: "Ez nuen uste Espainiak hain adimen gutxirekin jokatuko zuenik"

arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 27a
07:16
Entzun

Erreferenduma prestatzeko bilerei buruz, eta Carles Puigdemont orduan Generalitateko buru zenarekin izandako bilerei buruz galetu diote Artur Mas presidente ohiari. Hark berretsi du azkenera arte Espainiarekin akordioa lortzen ahalegindu zirela, eta uste zutela hark Erresuma Batuak Eskoziarekin bezala jokatuko zuela.

Espainiako Poliziaren indarkeria salatu du Artur Mas Generalitateko presidente ohiak. Gogora ekarri du nola urriaren lehen hartan berari zegokion eskolara joan zen bozkatzera, eta bizilagun bat ikusi zuela aurpegian eta arropetan odol arrastoak zituena. "Ez nuen pentsatzen Espainiak hain adimen gutxirekin jokatuko zuenik, eta nazioartean eman zuen gisako irudia ematera arriskatuko zenik. Uste nuen Polizia bidaliko zutela, baina ez esku hartzeko aginduko zietenik. Oker nengoen". Aurretik, Joan Tarda ERCko diputatuak deklaratu du.

Voxen abokatuaren, fiskalaren, estatuko abokatuaren eta defentsakoen galderak erantzun ditu Masek lekuko gisa. Presidente ohiak berretsi du azkenera arte ahalegindu zirela Espainiako Gobernuarekin nolabaiteko akordio bat lortzen, eta haiekin hitz egiteko ordezkaritza bat ere izendatu zutela. "Baina hori posible izateko, beharrezkoa da beste aldean hitz egiteko prest dagoen norbait egotea".

Bere agintaldian osatutako Liburu Zuriari buruz, berriz, adierazi du aurkeztu zutenean bertan bidali ziola hari buruzko informazioa Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari, besteak beste, euren asmoak argi uzteko eta akordiorako tartea bilatzeko. "Puigdemontek berak eskaini zion Rajoyri galdeketaren eguna, galdera bera eta aurreko eta ondorengo baldintzak adosteko aukera ere. Zerbait alde bakarretik egiteko asmo argia duen norbaitek ez du halakorik egiten". 

Masek onartu du erreferendumaren aurretik bilera bat baino gehiago egin zituela Generalitateko buruarekin eta beste hainbat ordezkari politikorekin, baina ukatu du hura erabakiak hartzeko batzorde bat zela, fiskaltzak dioen bezala: "Erabat informalak ziren bilerak. Parte hartzaileak ere desberdinak ziren, aldiro, eta ez zen inolako aktarik idazten". Haren iritziak kontuan hartzen ote ziren galdetuta, bereak aholkuak bakarrik zirela zehaztu du Masek, eta erabakiak Generalitateak eta Parlamentuak hartzen zituela, eta ez bilera haietako parte hartzaileek.

ANC eta Omniumek izandako rolari buruz, berriz, Masek zehaztu du gizarte zibiletik zetozen proposamenak jasotzen zituela Generalitateko buruak, baita entzun ere, "hori egin behar baitu buruzagi demokrata batek".

Herriaren mandatua

Erreferenduma Puigdemonten erabaki soila izan zela ere gezurtatu du Masek, eta gogorarazi dio akusazioari 2014ko azaroko galdeketan, ondorengo bozetan, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean eta urte bereko abenduan Espainiak antolatutako bozetan herritarrek alderdi subiranisten alde, eta beraz, independentziaren alde bozkatu zutela. "Ez gara bozketa bakarraz ari. Irudi orokorra da hemen garrantzitsua. 2017ko abenduaren 21ean ere, 155.a indarrean zela, herritarren %80k hartu zuten parte bozetan, eta gehiengo handi batek egin zuen independentziaren alde. Horren froga da Parlamentuko gehiengoa subiranista zela".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.