Saenz de Santamariak Generalitatea egin du urriaren 1eko indarkeriaren erantzule

Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiaren deklarazioarekin hasi da arratsaldeko saioa.

arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 27a
11:25
Entzun

Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia lekukoen aulkian eseri denean, rolak aldatu dituzte akusazioak eta defentsak. Auzipetuak ez bezala, Soraya Saenz de Santamaria abegikor hartu dute fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak.

Voxen ordezkaria izan da orain arteko jarrerari eutsi dion bakarra. Tentsio uneak izan dira Voxeko ordezkariaren eta presidenteordearen arteko galdera-erantzunetan. Izan ere, abokatuak zalantzan jarri ditu Espainiako Gobernuak erreferendumarekin lotuta hartutako neurriak, eta galdetu dio zergatik ez zuen salbuespen egoera ezarri. Saenz de Santamariak hotz erantzun dio, Gobernuaren helburua ez zela oinarrizko eskubideak etetea, eta horregatik erabaki zutela 155.a ezartzea.

Urriaren 1eko gertaerei buruz, berriz, orain arteko jarrerari eutsi dio presidenteorde izandakoak, eta nabarmendu du egun hartan poliziak "proportzionaltasunez" jokatu zuela, eta, indarkeriarik egon bazen, haren erantzule bakarra Generalitatea izan zela: "Liskarrak izan ziren, eta ez zen atsegina izan horiek ikustea. Baina jendeari eskatu izan ez balitzaio herri harresiak egiteko, irudi horietako batzuk ez ziren ikusiko". Segurtasun indarrak epailearen agindua betetzen ari zirela adierazi du Saenz de Santamariak.

Poliziaren lana ere txalotu du esanez haien lanari esker saihestu ahal izan zela egoerak okerrera egitea. "93 polizia artatu behar izan zituzten zauriengatik", adierazi du —hasieran, 400 polizia zauritu aipatu zituen Espainiako Gobernuak—. Baina defentsak zauritutako herritarrei buruz galdetu dionean, ez du kopuruak zehazterik izan: "Nik dakidanez, bi edo hiru eraman behar izan zituzten erietxera, eta haietako bat bihotzeko batengatik izan zen".

Urriaren 1ean ez bezala, irailaren 20an indarkeria egon zela esan du Saenz de Santamariak, baina haren erantzuleak manifestariak izan zirela adierazi du: "Kontseilaritza barruan zeuden auzitegietako ordezkariak ezin izan ziren handik irten, eta atxilotuak ere ezin izan ziren eraikinera sartu". Baieztapen hori dela eta, harriduraz galdetu dio defentsak: "Indarkeria da hori?", eta hark erantzun: "Bai".

Erreferendumik ez

Bitan ukatu du Sanez de Santamariak urriaren 1ean erreferenduma egon zela. Haren esanetan, Espainiako Hauteskunde Batzordeak ukatu zuen urriaren 1ean gertatutakoa erreferenduma izan zela. 

Behin eta berriz ideia bera defendatu du Saenz de Santamariak, Espainia "estatu demokratikoa" dela, baina inork erreferendum bat egin nahi badu lehenik Konstituzioa aldatu behar duela, eta, beraz, zentzugabetzat jo du horretaz gobernu zentralarekin hitz egin nahi izatea. "Gobernu baten lehen eginbeharra da legea eta Konstituzioa betearaztea. Hori kontuan hartu ez zutenak akusatuen aulkian daude orain". Irribarre batekin amaitu du esaldia. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.