Martxoak 8

Mobilizatzera deitu du Ipar Euskal Herriko Grebalari Feministen Asanbladak

Martxoaren 8a topaketa eta trukaketa momentu izatea nahi dute, eta greba egitera deitu dituzte emazteak. Mobilizazio egunari ikusgarritasuna eman nahi diote.

Grebalari feministen asanbladaren prentsaurrekoa, Baionan, martxoaren 8ko greba deialdia plazaratzeko. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko otsailaren 27a
07:19
Entzun

Adin eta ingurune askotako emazteek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Baionan, Martxoaren 8an emazteak greba egitera deitzeko. Orain dela aste batzuk elkartu ziren Grebalari Feministen Asanbladan, eta orduztik, herriz herri bilkurak egiten aritu dira desmartxa aurkezteko. Bi ekitaldi nagusi izanen dira martxoaren 8an, biak Lapurdiko hiriburuan: eguerdian, bazkari partekatua eginen dute merkatuko plazan, eta 18:30ean manifestazioa, Errepublika plazatik abiatuta; ondoren, poteoa eginen dute Baionako karriketan.

"Hainbat eskubide lortu ditugu borroka feministari esker, baina ez gara benetako berdintasunera helduak", adierazi du Gemma Elorriaga Asanbladako kideak. "Gizon eta emazteen artean dagoen lansari ezberdintasuna, etxeko lanen aitorpenik eza, generoaren arabera egindako lanen banaketa, bortizkeria sexistak, generoaren araberako estereotipoak, haiekin bat egiten ez dutenen diskriminazioak" aipatu ditu adibide gisa, oraindik lortzeko dutena erakusteko.

Mobilizazio jendetsua antolatu zuten iaz, eta aurtengoa ere hala izatea nahiko lukete, baina jakinik Martxoaren 8a Ipar Euskal Herrian ez dela biziki zabaldua, ikusgarritasuna lortzea da haien helburuetariko bat. "Horregatik antolatu dugu arratseko poteoa, nahiz eta kontsumorako greba deituta kontraerran bat izan daitekeen; Baionako karriketan presentzia bat erakusteko manera ere bada", azaldu du Armelle Etxenike Asanbladako kideak.

Borroka aniztasuna

Emazte bakoitzaren egoera desberdina dela jakitun, mobilizazioan parte hartzeko irudimena erabiltzera deitu ditu Grebalari Feministen Asanbladak. "Zaintza lana egun osoan uztea abantzu ezinezkoa denez emazte batzuentzat, mobilizazioetan parte hartzeaz gain, emazteakĀ  etxeko leiho edo balkoietan trapu edo amantalak zintzilikatzera deitzen ditugu, edo egunean zehar beso inguruan zapi ubel bat janztera ere". Gizonei ere dei berezia egin diete egun horretan kontsumitzera ez joateko eta haien artean antolatzeko zaintza lanen ardura har dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.