Rufian: "Lotsagarria da alderdi xenofobo baten ordezkari bat hemen egotea"

arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 28a
07:22
Entzun

Oriol Junquerasen abokatuak deituta joan da Gabriel Rufian ERCko diputatua Espainiako Auzitegi Gorenera. Zehazki, irailaren 20ko gertakariez galdetu diote defentsako abokatuek, bera ere han egon baitzen Guardia Zibila eta Polizia Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzan sartu zirenean. Amorruz deskribatu du Rufianek orduan ikusitakoa: "Ikusi nituen poliziak adineko emakumeak jipoitzen. Ez genuen uste halakorik egiteko gai izango zirenik".

ERCko diputatuaren jarrera erabat aldatu da Rosa Maria Seoane estatuko abokatua galdetzen hasi zaionean. ANCko kide ote den galdetuta, ohikoa duen ironiaz erantzun dio hark: "ANCko kidea naiz, baita auzoko liburutegikoa eta bideoklubekoa ere". Jarraian, ERCko kide den galdetu dio Seoanek, eta hark motz erantzun dio: "Telebista ikusten baduzu, ohartuko zara baietz".

"Bide orriaz" galdetzen ere saiatu da estatuko abokatua, baina, lehenik, epaileak eragotzi dio, galdera baloratiboa dela iritzita, eta, ondoren, Rufianek berak ukatu du hari buruz ezer dakiela.

Dena den, tentsioa nabarmen igo da Voxeko abokatuaren txanda heldu denean. Rufianek epaitegira sartu denean ere esan du haren galderei erantzungo diela defentsak eskatuta, baina lotsagarritzat jo du alderdi horren izenean doan norbait han egotea bera, eta gauza bera errepikatu du hark galdetu dionean ere: "Lehen, esan dut, eta epaitegiaren baimenarekin errepikatuko dut. Lotsagarria da alderdi arrazista eta xenofobo baten ordezkari bat hemen egotea". Hori esanik, eten egin dio epaileak.

Irailaren 20an auzitegietako ordezkariak kontseilaritzatik irten ezinik geratu ote ziren galdetu dio Voxeko abokatuak, eta hark ukatu egin du: "Hori albiste faltsu bat da, Katalunian gaztelaniari jazartzen gatzaizkiola dioena bezala".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.