Euskara

Puntueus fundazioak Elgoibarko Altzolatarren Dorrean izango du egoitza

Fundazioak bosgarren urteurrena beteko du aurten, eta domeniuaren 10.000. helbidea lortzear dago.

Puntueus fundazioko eta Elgoibarko Udaleko ordezkariak, gaur, hitzarmena aurkezteko prentsaurrekoan. PUNTUEUS FUNDAZIOA, @PUNTUEUS
2019ko martxoaren 4a
14:36
Entzun

Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Iñaki Goirizelaia Puntueus fundazioko lehendakariak bi erakundeen arteko hamar urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute, astelehen honetan, Elgoibarren (Gipuzkoa). Akordioari esker, Puntueus fundazioaren egoitza nagusia Elgoibarko Altzolatarren Dorretxean kokatuko da, eraikinaren lehenengo solairuan. Maialen Gurrutxaga Elgoibarko Udaleko Euskara eta Haur eta Gazteriaren Sustapeneko zinegotziak eta Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariak ere parte hartu dute akordioa izenpetzeko ekitaldian.

Elgoibarko Udala da Altzolatarren Dorretxearen jabea. XVII. mendean eraikitako dorretxe bat da. Eraikina XX. mendearen bukaera aldera eraberritu eta monumentu izendatu zuten, bere balio historiko eta artistikoagatik. Kokapen berriarekin, Elgoibarko eragile eta herritar euskaltzaleekin elkarlana izaten saiatuko da fundazioa, ingurune digitalean eragiteko eta euskararen erabilera sustatzeko.

Puntueus fundazioa 2012an sortu zen, Donostian, ICANN erakundearen aurrean .eus domeinuaren eskaria aurkezteko. 2014an sortu zen domeinua, eta, ordutik, fundazioa da .eus kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea. Aurten, bost urte beteko dira lehenengo .eus webguneak sareratu zirenetik. Hurbil dute domeinuaren 10.000. helbidea lortzea.

Ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin egiten du lan Puntueus fundazioak. Euskara ingurune digitalean baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da helburu nagusi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.