Suteak

Muskizko sutea pizteko erabili den gailua topatu Ertzaintzak

Bendak lotuta dituen bihurkin moduko bat da; suak erretako tokian agertu da

Basozainak, atzo, sua itzaltzen. BIZKAIKO BASOZAINAK
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 5a
13:52
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, etxean egindako gailu batekin piztu zen igandeko sutea Muskizen (Bizkaia). Bendak lotuta dituen bihurkin moduko bat topatu du Ertzaintzak, eta uste du harekin piztu zela sua hainbat lekutan. Oraingoz ez dute egilea identifikatu. Sakelakoen seinaleak ikertzen ari dira inguruan. 

Atzoko datuen arabera, 110 hektarea baso erre ziren. Hogei ordu inguru ibili ziren suhiltzaileak eta basozainak itzali ezinik. Erretako sail gehienetan eukaliptoa zegoen landatuta, eta batez ere baso publikoak izan dira. 

Oro har, asteburua gogorra izan da Euskal Herriko mendi eta basoetan. Ia herrialde guztietan izan ziren suteak igandean, bereziki Zuberoan eta Bizkaian. Nahita piztutakoak izan direla uste du Poliziak. Araban, gizon bat hil da, suak harrapatuta: Villanuevan izandako sutea itzali ondoren, 19 urteko gazte baten gorpua topatu dute pinudi bateko txabola baten inguruan. 

Zuberoako Basabürüa eskualdean, 350 hektarea inguru erre dira. Ligi-Athereiko etxaldeetara hurbildu zen azkar, eta horrek suhiltzaileen lana zaildu zuen. Bi etxalde hustu eta bost ureztatu behar izan zituzten. Kalte materialak eragin ditu suak, baina ez da etxerik erre, eta ez da inor zauritu. Jean Pierre Mirande Departamenduko kontseilari eta SDIS larrialdi zerbitzuko buruaren arabera, laborariek ez dituzte piztu. “Kriminalek” piztu dituztela esan du, Prefekturak debekua jarria zuelako haize gogorragatik. Hain zuzen, departamentu osoan hamabost lagun atxilotu ditu Poliziak, sua pizteagatik. 

Euskal Herri osoan izan ziren suteak igandean. Bizkaian, besteak beste, Galdakaon, Getxon, Amoroton, Trapagaranen, Lemoizen eta Igorren izan zen sua. Eibarren (Gipuzkoa), Barrenetxe inguruko basoetan izan zen sua, eta, badaezpada, zortzi baserri hustu zituzten. Nafarroan, guztira, 11 sutetan esku hartu behar izan dute suhiltzaileek: Azpilikuetan, Oizen, Donezteben, Ezkurran, Tuteran, Cascanten, Donamarian eta Zubielkin aritu ziren igandean; Lesakan eta Beran, atzo ere lanean jarraitu zuten, sua erabat itzali ezinik. Kalteak zenbatzen ari diren arren, suhiltzaileek esan dute Lesakan erretako hektareak asko direla.

Berriz piztu da sua Muskizen

Gaur berriro ere hegotik joko du haizeak, zakar. Ez du euririk egin. Arratsaldean ondorioak izan ditu horrek, berriz piztu baita sua Muskizen erretako gunean; suhiltzaileek joan behar izan dute itzaltzera. Arrietan ere izan da sute bat, eta han ere esku hartu behar izan dute suhiltzaileek.

Abisu horia dago Euskal Herri osoan, eta sua pizteko debekua jarri dute berriro ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.