Fiskaltzak 18 urteko zigorra eskatu du sanferminetako erasotzaileentzat

Sexu erasotzat jo du gertatutakoa. Salatu du Nafarroako auzitegiko epaimahaiak biktima egin duela bera bortxatu izanaren erantzule, ez zuela kontra egin argudiatu duelako.

Nafarroako auzitegiaren epaia salatzeko Iruñean eginiko protesta bat. JAGOBA MANTEROA (FOKU)
2019ko martxoaren 7a
16:48
Entzun

2016ko sanferminetako talde bortxaketari buruz Nafarroako Probintzia Auzitegiak emandako epaiaren aurkako helegitea aurkeztu du Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenean. Gauza bera egina dute akusazio partikularrak, herri akusazioak eta defentsak.

Bost akusatuei egotzitako delituen kalifikazioa aldatzeko eskatu du Fiskaltzak: sexu abusuengatik ez, baizik eta sexu erasoengatik zigortzea. Hemezortzi urteko espetxe zigorra eskatu du erasotzaile bakoitzarentzat.

Bederatzina urteko espetxe zigorra jaso zuten bost gizonek iazko apiril amaieran. Protesta handiak ekarri zituen ebazpenak, epaileek ez zutelako delitua bortxaketatzat jo, baizik eta abusutzat, erasoan indarkeriarik eta larderiarik izan ez zelakoan.

Hain justu, hori aldatzeko eskatu du Fiskaltzak. Argudiatu du zigortuek bortizkeria erabili zutela,  «biktimaren borondatea indargabetzeko». Nafarroako auzitegiko epaimahaiaren irizpideak ere kritikatu ditu. Zuzenbidea «hertsatu» duela uste du, eta hori ez dela onargarria. Fiskaltzak uste du epaimahaiak biktima egin duela bera bortxatu izanaren erantzule, ez zuela erresistentziarik erakutsi argudiatzen duenean. «Jarrera heroiko bat exijitzen dio; horrek ondorio are lazgarriagoak eragin zitzakeenean».

Fiskaltzarentzat, beraz, agerikoa da erasoa izan zela. Delituen kalifikazioa aldatzeak zigorra handituko luke: hamazortzina urteko espetxe zigorra eskatu du. Halaber, zigorra betetzean, bost urteko zaintzapeko askatasuna galdegin du bostentzat, eta biktimarekiko urruntze agindua ezartzea hogei urtez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.