Altsasuko auzia

Alderdi politikoek kritikatu egin dute Altsasuko auziko epaia

Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazte auzipetuen zigorrak berretsi izanak erreakzio soka luzea ekarri du. Alderdi gehienek epaia "gehegizkoa" dela salatu dute, eta babesa adierazi diete gazteei eta senitartekoei.

Auzitegien erabakia salatu du Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak. VILLAR LOPEZ, EFE
2019ko martxoaren 7a
12:58
Entzun

Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduko parlamentaria izan da iritzia ematen lehendabizikoetako bat. Oraindik epaia ofizialki egiaztatu gabe, salatu du horrela izanez gero "proportziorik gabea" dela. "Eduki ideologikoaren larrigarria ezartzea oso arriskutsua da politikoki", gehitu du.

Unai Hualde Gero Baiko eleduna Onda Vasca irratian izan da goizean, eta, bertan, salatu du epaia "proportziorik gabea" dela. Epaiarekin ez duela bat egiten gaineratu du. "Ematen du hasieratik kontakizuna osatuta zegoela eta zigor zentzagarria jarri behar zela".

Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako parlamentariak epaia salatu du, eta adierazi du Pedro Sanchez Espainiako presidenteari Altsasuko gazteak indultatzeko eskatuko diotela. Gehitu du gazteek kartzelan emandako denbora "nahikoa" izan dela egindako delitua ordaintzeko.

Nafarroako Parlamentuko Ahal Dugu-ko bozeramaile Mikel Builek, bideo bidez, salatu du auzia Auzitegi Nazionalera eraman zutenek bazekitela ez zela terrorismo deliturik izanen. Gaineratu du "beranduegi" izanen dela auzia Europako epaitegietara ailegatzen denerako.

Orain Bai talde parlamentarioaren izenean, Laura Perezek hartu du hitza. Elkartasuna adierazi die Altsasuko gazteei, eta salatu du "azpijoko polizial eta judizial" batek sartu dituela kartzelara.

Arkaitz Rodriguez Sortu alderdiko idazkari nagusiak ere babes mezua helarazi die gazteei. "Ez dago hitzik halako injustizia bat deskribatzeko. Besarkadarik beroena eta maitekorrena Altsasuko gazteei eta Altsasuko gurasoei", adierazi du. "Ez euskaldunek eta ez katalanek ez dugu benetako demokraziarik eta justiziarik ezagutuko espainiar estatuaren menpe gauden artean”, gaineratu du.

Ernai gazte antolakundeak ere babesa adierazi die Altsasuko gazte eta senitartekoei. Epaia "azpijoko politiko, mediatiko eta judizial" baten ondorioa izan dela salatu dute.

Epaia errespetatu dute

Maria Txibite Nafarroako Alderdi Sozialistako idazkari nagusiak adierazi du epaia errespetatu behar dela: "Argi genuen ez zela terrorismoa, baina, bestalde, argi genuen ez zela taberna bateko liskar hutsa ere".

UPNko Carlos Garcia Adanerok “errespetua” erakutsi dio epaitegiari, eta adierazi du argi gelditu dela ez zela taberna bateko “liskar soila" izan. Gehitu du "zentzugabekeria" dela erakundeek eta Nafarroako Gobernuak "erasotzaileak" babestea eta ez "biktimak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.