Hauteskundeak

Bildarratzen iritziz, ulergarria da PDeCATek prozesu subiranista nazioartekotzea

PDeCATek Carles Puigdemont aukeratu du Europako hauteskundeetarako zerrendaburu. EAJren zuzendaritzak gaur aztertuko du erabakia Kataluniako alderdiarekin, eta harekin aliantza bilatu nahi duen ala ez. Jokin Bildarratz EAJko senatariaren esanetan, "EAJren lehentasuna Euskadi da".

Jokin Bildarratz EAJko senataria, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2019ko martxoaren 11
07:26
Entzun

PDeCAT Kataluniako alderdiak Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua aukeratu du Europako hauteskundeetarako zerrendaburu. Generalitateko presidentetzarako kontseilari eta Junts per Catalunyako kide Elsa Artadik azaldu duenez, Kataluniako auzia "nazioartekotzea" da taldearen helburua. Erabakiak baldintzatu egin dezake EAJrekin balizko koalizio bat lortzeko aukera. Gaur arratsaldeko bileran aztertuko du EAJren Euskadi Buru Batzarrak PDeCATekin aliantza bilatu ala ez.

Bildarratzek gaur goizean Onda Vasca irratian azaldu duenez, ulergarria da PDeCATek Kataluniako prozesu subiranista eta autodeterminazio eskubidearen aldarria nazioartekotzea. EAJri dagokionez, Kataluniako alderdiaren erabakiaren ostean, "nondik jo" aztertzea dagokio, "estrategiak uztartu daitezkeen ala ez ikusteko".

EAJko senatariak nabarmendu duenez, "EAJren lehentasuna Euskadi da". Lehentasun horri eutsi dio alderdi jeltzaleak Espainiako Gorteetan, udaletan eta Europan, Bildarratzen esanetan, eta hurrengo hauteskundeetara begira hartuko dituen erabakietan ere ildo beretik jarraituko duela aurreratu du.

Carles Puigdemont Kataluniako prozesuan auzipetua egonik, litekeena da auzitegiek atzera botatzea Europako hauteskundeetarako haren hautagaitza. Baina Espainiako Justiziak kontrakorik esaten ez duen artean, Generalitateko presidente izandakoa izango da Junts per Catalunyako zerrendaburua Europako Parlamenturako. 

Generalitateko presidentetzarako kontseilari eta JxCat taldeko eledun Elsa Artadik jakinarazi du alderdiaren erabakia. Haren esanetan, Katalunian duten gatazka politikoa nazioartekotzeko "ahots askea" izango da Puigdemont. "Hori da Europan gure ahotsa entzunarazteko eta errepresioa ikusarazteko modurik hoberena".

JxCatek, Cridak eta PDeCATek akordioa hitzartu dute udaberriko bozetarako. Haren arabera, euren zerrendaburuak preso politiko eta erbesteratuan izango dira. Gauza bera egin du ERCk ere Europako Parlamenturako hauteskundeetako zerrendarekin. Hark Oriol Junqueras aukeratu du zerrendaburu. 

Belgikan, erbestean, bizi da Puigdemont 2017tik. Espainiak ahaleginak eta bi egin zituen nazioarteak hura atxilotu eta kanpora zezan, baina ez zuen lortu. Egun Europan aske den arren, Espainian indarrean da oraindik haren aurkako atxilotze agindua. Kataluniako beste hainbat buruzagi subiranistari bezala, hari ere matxinada eta sedizioa egozten dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.