Euskal preso eta deportatuak

Senide talde bat: "Ez dugu onartzen ez dagokigun ardurarik"

"Gerta dakigukeenaren erantzuleak dispertsioa diseinatu eta praktikan jarri zutenak dira", ohartarazi dute euskal preso eta deportatuen 32 senidek, Gure duintasuna ez dago salgai izeneko gutun batean: "[Erantzuleak] Inola ere ez dira sekula izango gure senideak".

Euskal preso eta iheslarien eskubideen eta amnistiaren alde egindako manifestazio bat, artxiboko irudian. IDOIA ZABALETA, FOKU
2019ko martxoaren 12a
14:53
Entzun

"Hainbat euskal errepresaliatu politikoren senide eta hurkoek" gutun bat eman dute argitara, Gure duintasuna ez dago salgaiizenburua daramana. 32 senide eta lagunek sinatu dute idazkia: "Argitasun osoz adierazi nahi dugu senide moduan guk ez diogula inolako barkamen eskaerarik zor inori, ez dugula onartzen ETAren biktimen mina areagotu izana, eta salatzen dugula ETAren biktimen hainbat erakundek gure egoera kaskartzeko egindako lobby lana". Hala, "ez dagokien ardurarik" ez dutela onartuko ohartarazi dute, eta "are gutxiago gure senideen eta gure bizitzak izorratzen dituzten horien nahi ase ezinak kontentatzeko".

Senide eta lagunak preso eta deportatuek kalean eta Euskal Herrian dituzte "begiak eta belarriak" direla ekarri dute gogora: "Eta, eskatzen diguten guztietan, haien ahotsa ere bihurtzen gara". Ildo horretatik, senide edo lagun gisa hartutako erabakiek preso eta deportatuengan eragina izan dutela nabarmendu dute, eta alderantziz. "Guk ez genuen aukeratu beraiek hainbat arrisku hartzea, baina bai aukeratu genuen egoerarik zailenetan ere euren ondoan jarraituko genuela baldintzarik gabe, maite ditugulako eta hori beraiekin batera betetzen dugun kondena baino askoz ere indartsuagoa delako".

Ondorioz, senide eta lagunek salatu dutenez, neurri asko jarri dituzte martxan Espainiako eta Frantziako estatuek "konpromiso" hori zigortzeko: "Gordinena, zalantzarik gabe, beste hamasei senideren bizitzak lapurtu dituen dispertsio politika izan da [...] Azken urteetan gu umiliatzen saiatu dira, bisitetara sartzeko baldintza moduan kartzelarien esku zikinek gure gorputzak miatzea jarriz, eta gure ezezkoaren aurrean bisita galaraziz". Dena den, "hori baino mingarriagoa" egiten zaie estatuek senideak erabiltzea "preso eta deportatuei xantaia egiteko".

"Bahitu gisa erabili gaituzte presoen borondatea apurtzeko asmoz, errepidean gerta diezagukeenaren erantzule egin nahi izan dituzte, haien damutzea izan da estatuek gure osotasun fisiko eta psikologikoari jarri izan dioten prezioa. Guk irmoki salatu dugu ezetz, gerta dakigukeenaren erantzuleak dispertsioa diseinatu eta praktikan jarri dituztenak direla, eta inolaz ere ez direla sekula izango gure senideak", esan dute. Argi utzi dute senide preso eta deporatatu horien "ondoan" jarraituko dutela, "xantaia eta mehatxu guztien gainetik".

Joan den martxoaren 1ean, Etxerat elkarteak "begirunea eta enpatia" agertu zien biktima denei, eta "barkamena" eskatu zien ETAk eragindakoei. "Bizikidetzari" egindako "ekarpena" zela azaldu zuten bozeramaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.