Espetxe politika

Jaurlaritzak "pertsonen duintasuna" jarri nahi du espetxe politiken erdigunean

EH Bilduk proposamen zehatzik ez ekartzea leporatu dio Jaurlaritzari. Soilik "ETAko presoez" kezkatzea egotzi diote Alderdi Popularrekoek eta sozialistek EH Bilduri eta nabarmendu dute aurrerantzean ere Espainiako Estatuarena izango dela espetxe politika.

jarraia163936.jpg
gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 13a
18:13
Entzun

EH Bilduren eskariz, osoko bilkura monografikoa egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean espetxe politikaren inguruan. EH Bilduko Jone Goirizelaiak 115 neurri biltzen dituen proposamen bat egin du, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak espetxeen kudeaketaren eskumena eskuratzen dutenerako garatzeko.

PPko Nerea Llanosek eta PSE-EEko Alexia Castelok zera leporatu diote EH Bilduri: espetxe politikaren gaineko ardura aitzakiatzat erabiltzea eta haien benetako kezka bakarra "ETAko presoak" izatea. Are gehiago: Castelok esan die "gaur egun Euskadin dauden presoen ingurukoa" dela bilkuraren eztabaidagai bakarra, eta eskumenaren transferentziarekin espetxeen kudeaketa baino ez litzatekeela pasatuko euskal erakundeen eskuetara, espetxe politika Espainiako Estatuaren eskumena delako.

EAJren ordezkari Joseba Zorrillak eta Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Josek iragarri dute 44 neurriko ebazpen proposamen bat aurkeztuko dutela, jeltzaleen eta sozialisten artean adostua, eta San Josek proposamen horien helburu eta printzipioak zerrendatu ditu: espetxean daudenen zein biktimen "duintasuna", kartzelaren erabilpena murriztea, gizarteratzea, genero ikuspegia, politika publikoen integrazioa eta abar.

Goirizelaia kritiko agertu da San Joseren hitzaldiarekin. Haien proposamena "oso berde" dagoela esan du, eta neurri zehatzik ez ekartzea leporatu dio. Elkarrekin Podemoseko Juan Luis Uriak nabarmendu du taldeen arteko adostasuna uste baino handiagoa dela, eta "normaltasun egoerara eramango gintuzketen neurriak" direla, besteak beste, presoak sorterritik gertuko espetxeetara ekartzea, gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak askatzea eta pausoak ematea gradu progresioan eta baldintzapeko askatasunean.

Eztabaidak arratsaldean jarraituko du. Talde parlamentarioek ebazpen proposamenak aurkezteko aukera izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.