Osasuna

Osakidetzak soldata osagarriak pagatu behar dituela esan du Gorenak

ELAk sindikatuak esan du haiei "arrazoia" eman zien sententziaren kontra osasun zerbitzuak jarritako helegiteak ez duela aurrera egin

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jon Darpon Osasun sailburua, Retuertoko Osasun Zentroa inauguratzen, Barakaldon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
arantxa iraola
2019ko martxoaren 13a
21:04
Entzun

ELA sindikatuak gogora ekarri du aspalditxotik ari direla garapen profesionalarengatik pagatu behar diren soldata osagarrien aldeko defentsan. 2011n Osakidetzak alorrarekin lotutako deialdia bertan behera utzi zuela esan du, "alde bakarreko" erabakia izan zela, eta horren ondorioz, osagarriak kenduta, soldatak apaldu dizkiela horrek behargin askori. Iragan maiatzean, ordea, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian "arrazoia" eman zien sententzia bat jaso zutela adierazi dute sindikatuko ordezkariek, eta atzera bota diotela orain osasun zerbitzuari horren kontra Espainiako Auzitegi Gorenean ipinitako helegitea. EAEko Auzitegi Nagusian ere aurkeztu zuten, ordea, helegitea, eta horrek aurrera egingo duen erabakitzeko dago. Goreneko erabakia, hala ere, "aurrera pauso" handia dela onartu dute.

Ondorioz, langileei pagatu gabe utzitako soldatak ematen hasteko ordua dela esan dute sindikatuko arduradunek, eta atzerapenak ere pagatu behar direla. Areago ere egin dute aldarrietan; adierazi dute, besteek adinako "merituak" izanda ere, osagarri horiek jaso gabe daudela hainbat behargin. Karrera profesionalerako deialdietan parte hartzerik izan ez dutelako daude egoera horretan, ELAren aburuz. Horiek ere osagarriak kobratzeko aukera izatea kontuan hartzeko eskatu dute. Horiei ere dagokiena emanda, zor diren guztiak pagatu ahal izateko, orotara, 250 milio euro beharko direla esan dute. Urrats hori ere egin behar dela nabarmendu dute, gainerakoan Osakidetza "diskriminazio" bat bultzatzen ari dela argudiatuta.

Negoziatzeko prest daudela esan dute ELAko ordezkariek. "Baina inolako murrizketarik ez dugu onartuko garapen profesionalari dagokion osagarrian", ohartarazi dute. Soldataren osagarri hori bideratzeko, gainera, "irizpide objektiboak" ezarri behar direla adierazi dute, uste baitute egun egoera bidegabeak badirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.