Udal eta foru hauteskundeak

Alonsok begi onez ikusiko luke Ciudadanosekin hauteskunde akordioa lortzea

Horretarako, ezinbestekotzat jo du Ciudadanosek Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren foru izaera onartzea. PP "tradizio liberal-foruzalearen oinordekoa" dela adierazi du.

Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipukoako PPko presidentea, hedabideen aurreko agerraldi batean. LUIS TEJIDO, EFE
2019ko martxoaren 14a
12:51
Entzun

Eskuinak Nafarroan itxi duen akordioa "interesgarria" eta "zentzuduna" iruditu zaio Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteari, eta adierazi du begi onez ikusiko lukeela gisa horretako hauteskunde itun bat EAEn ere. PPko buruak azaldu du "zoragarria" litzatekeela Ciudadanosek eta PPk indarrak batzea. Horretarako, baina, ezinbestekotzat jo du Ciudadanosek hiru lurralde historikoen foru izaera onartzea.

Radio Euskadikoek elkarrizketatu dutelarik, ziurtatu du Kontzertu Ekonomikoa eta foru izaera errespetatzea marra gorria direla PPrentzat. "Tradizio liberal-foruzalearen oinordekoak gara, eta, niretzat, funtsezkoa eta erabakigarria da", adierazi du.

Alonsok azaldu du ez dela inolako harremanik izan PPren eta Ciudadanosen artean, hauteskunde akordio bat negoziatzeko. Hala ere, gaineratu du herritarren botoari "ahalik eta baliorik handiena" emango dioten akordioak lortu behar direla. PPko buruak gogora ekarri du 80ko hamarkadan Koalizio Popularra eta UCD batera aurkeztu zirela.

Ciudadanosekin akordioa gustuko izango zuen Alonsok, baina ez du gauza bera esan Voxi buruz. Haren hitzetan, ez dio ezer ere eskatuko. "Beraiek ikusiko dute zer egin behar duten. Hemen jarrera marjinala dute".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.