Espainiako Hauteskundeak

Javier Maroto izango da PPren Arabako zerrendaburua Espainiako Kongresurako

PPko idazkariorde nagusiak diputatu kargua berritzeko aurkeztuko du bere burua. Hauteskundeetan indarrak batzearen garrantziaz ohartarazi du. Lehia estua aurreikusten da Araban.

Javier Maroto, hedabideen aurreko agerraldi batean, joan den otsailean. BALLESTEROS, EFE
2019ko martxoaren 15a
13:38
Entzun

Javier Maroto Gasteizko alkate ohia eta gaur egun PPko zuzendaritzako kide dena, Arabako zerrendaburu izango da bere alderdiaren hautagaitzan, Espainiako Kongresurako. "Aukera baliatu nahi dut nire Arabako kide eta lagunei esateko, beste behin, nire lurra diren Gasteiz eta Arabaren alde borrokatuko naizela", adierazi du Tele5 telebista katean egin dioten elkarrizketan. Marotok adierazi du Gasteizko alkatetzarako proiektua osatu zuen jendearekin arituko dela elkarlanean.

Indarrak batzearen garrantzia nabarmendu du, bestalde. "Banatzen bagara, Bilduri eman diezaiokegu diputatu bat, eta ez PPri", ohartarazi du. Atzo, Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak adierazi zuen "zoragarria" irudituko litzaiokeela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskunde akordioa egitea Ciudadanosekin.

Maroto PPko idazkariorde nagusia da egun, eta diputatu izan da Espainiako Kongresuan, azken legealdian. Kargu horren ardura hartzeko, Gasteizko Udala utzi zuen, 2016ko urrian. Ordurako, alkate ohia zen; oposiziora igaro baitzen 2015eko ekainean, Gorka Urtaran alkate izendatu zutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.