Zientzia

Euskal herritarren berezitasun genetikoa duela 2.000 urtekoa dela ondorioztatu du ikerketa batek

Science aldizkariak argitaratu duen lanak dio uste baino askoz eragin handiagoa izan zuela, orain 4.500 urte, Errusiako estepetatik Penintsula iberikora iritsi zen migrazio fluxuak. Ikerketaren arabera, gizonezkoen populazioa ia osorik ordezkatu zen migrazio horien ondoren, 500 urteko epean.

Guardiako (Araba) La Hoya aztarnategia. Brontze Aroan hasi eta Burdin Aroaren amaierara arte bizileku izan zen. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 15a
12:49
Entzun

Iberiar penintsulako azken 8.000 urteetako historia genetikoa aztertzeko ikerketa lan erraldoia egin dute David Reich eta Carles Lalueza-Fox ikertzaileen gidaritzapean. Hainbat aztarnategitan bildutako 271 iberiarren DNA laginak aztertu dituzte, eta ondorio argia atera dute: Errusiako estepetatik, Europa erdialdea zeharkatu eta Iberiar penintsularaino iritsi zen migrazio fluxuaren eragina oso handia izan zen; ia gizonezkoen biztanleria osoa ordezkatzerainokoa.

Elhuyar aldizkarian, Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek jaso ditu Iñigo Olalde Bostongo Harvad Medical Schooleko ikertzailearen azalpenak. Lanaren egile nagusietako bat da Olalde. Haren esanetan, Europa erdialdetik etorritakoak Iberiar penintsulan bizi ziren biztanleekin nahastu ziren, eta populazio genetikoki homogeneoa sortu zuten, "kanpoko populazioen %40ko arbasotasuna zutenak". Daturik deigarriena, ordea, gizonezkoen DNA laginei erreparatuta lortu dute. "Kristo aurreko 2000. urtea baino lehenago penintsulan bizi zen lerro maskulino osoa kanpotik etorritako populazioez ordezkatu zen". 500 urteko tartean gertatu zen aldaketa hori.

Ordezkapen hori zergatik gertatu zen ezin izan dute argitu ikertzaileek. Hainbat hipotesi dituzte. Olalderen arabera, aukeretako bat da kanpotik iritsitako gizonek bertako gizonak hil eta penintsulan bizi ziren emakumeekin ugaltzea. Hipotesi hori ez dator bat, baina, erregistro arkeologikoarekin. "Ez dira jaso hemengo gizonak hiltzeko beharko litzatekeen indarkeria orokortuaren zantzuak". Beste aukera bat da kanpotik iritsitakoek gizarte estratifikazio oso zurruna ezarri izana penintsulan eta gizarte egitura horren goialdean izatea Europa erdialdetik heldutakoak.

Bestalde, ikerketak argitu nahi izan du hizkuntza berezitasunek biztanleen arbasotasunarekin harremanik ba ote zuen. Burdin Aroko garaikoak dira Iberiar penintsulako antzinako hizkuntzen aztarnarik zaharrenak. Iberoa hitz egiten zen Mediterraneoko isurialdean, hizkuntza indoeuroparrak penintsularen erdialdean eta mendebaldean, eta antzinako euskara Euskal Herriko eremuan. Ikerketak ondorioztatu du oso jatorri desberdinetako hizkuntzak hitz egin arren antzeko arbasotasuna zutela penintsulako biztanleek.

Bestelakoa da Burdin Arotik gaur arteko migrazioen eragina. Penintsulako mapa genetikoan eragin handia izan zuten erromatarrek eta musulmanek. Euskal Herriko eremuetan, ordea, ez zuten apenas eraginik izan. "Ikusi dugu egungo euskal herritarrek antz genetiko handia dutela Burdin Aroko populazioekin", azaldu du Olaldek. "Gainerako populazioetan, geroago iritsitako populazioen arrasto genetiko handiak dituzte".

Olaldek adierazi du garai horretan kokatzen dela, beraz, euskal herritarren berezitasun genetikoaren antzinatasuna. "Lehen esaten zen euskaldunak Mesolitoko populazioaren jarraipena izan zitezkeela, duela 8.000 urtekoa. Gero neolitikoko jarraipena zirela esan zen. Baina gure datuek erakusten dute duela 4.500 urteko migrazioek gurean ere eragina izan zutela, eta azken 2.000 urteetakoa dela desberdintasun nagusia".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.