Bakea eta bizikidetza

EAJk eta Elkarrekin Podemosek akordioa egin dute Memoria Lantaldean

Eusko Legebiltzarreko lantaldean ez zegoen adostasunik aurrera begira jarraitu beharreko bideaz, eta gaurko bileran "hastapeneko akordio" bat lortu dutela jakinarazi du Ana Oregi (EAJ) lantaldeko lehendakariak.

Memoria Lantaldearen martxoko bilera. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Hodei Iruretagoiena
2019ko martxoaren 15a
19:03
Entzun

Ez aurrera ez atzera egon da azken hilabeteetan Eusko Legebiltzarreko Memoria Lantaldea. Gaur, ordea, aurrerabide bat aurkitu dutela dirudi. Hala jakinarazi die berri agentziei Ana Oregi lantaldeko lehendakariak. Diskrezioari eusteko konpromisoagatik, ez dute xehetasunik eman, baina EAJk eta Elkarrekin Podemosek hainbat gaitan "hastapeneko akordio" bat lortu dutela azaldu du Oregik. Hala baieztatu dute Elkarrekin Podemoseko iturriek ere: "sintonia" bat badagoela esan dute, eta "diskrezioz lanean" jarraitu behar dela.

Joan den martxoaren 4an egin zuen azken bilera Memoria Lantaldeak, baina ez zen aurrerapausorik izan orduko hartan. Adituen agerraldien ondoren, ondorioen txosten bat egin zuten, baina horren ondoren etorri zen blokeoa. Abenduaren 17an egin zuten bilera bat —martxokoaren aurretik egindako azkena—, eta EH Bilduk eta PSEk desadostasunak agertu zituzten ondorioen txostenarekin. EAJ eta PSE batera daude gobernuan, baina gai honetan ez dira bat etorri, eta gaurko informazioen arabera, badirudi jeltzaleen posizioa gertuago dagoela Elkarrekin Podemosek duenarekin.

PPk izan ezik —ez du lantaldean parte hartzen—, ondorioen txostenari ekarpenak aurkeztu zizkioten gainerako taldeek, eta EH Bilduko kideek gaur azaldu dute, "borondate politikoa" badago, posible dela beraien zuzenketak "akordio zabalago" baten barruan sartzea, haien arabera, "bateragarriak" direlako lantaldeak egindako oinarrizko txostenarekin.

PSE-EEk, berriz, desadostasuna agertu du ondorioen txostenarekin, haien iritziz, ez duelako errespetatzen aurreko legealdian adostutako "zoru etikoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.