Enpresak

Soralucek ekoizpen planta berri bat ireki du Bergaran

Portal Factory esan dio lantegi berriari, eta bederatzi milioi euroko inbertsioa izan du.

Soraluzeko langile bat makina bat gobernatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
xabier martin
2019ko martxoaren 20a
12:53
Entzun

Danobat taldeko Soralucek beste fabrika bat dauka Euskal Herrian, Bergaran hain zuzen, eta dagoeneko sei dira. Mondragon korporazioko makina-erreminta ataleko etxeak bederatzi milioi euroko inbertsioa egin du Gipuzkoako herri horretan Portal Factory zabaltzeko, belaunaldi berriko makina handiak egiteko lantegia.

Neurri handiko piezak mekanizatzeko makinak dira Soralucek Bergaran egiten dituenak, ekoizpenerako ahalmen handikoak. Portal Factoryc 9.000 metro koadroko azalera dauka, eta hamazazpi metroko altuera; 80 tona arteko pisua mugitzeko garabia hartzeko gai izan da, eta horri esker, Soralucek urrats handi bat egingo du bere makinen neurriari dagokionez.

Soraluceko zuzendari Rafael Idigorasek azaldu du inbertsio honekin "muturreko teknologiadun makinak egiteko beharrari" erantzungo diotela, industria gero eta gehiago eskatzen ari delako ahalmen handiko makinak. Dena den, Portal Factory ez da ekoizpen zentroa izango bakarrik, neurri handiko makinen ikerketa proiektuak garatuko direlako han, "neurri handiko nekanizatuan urrats gehiago egiteko". Eginkizun anitzeko makinak azpisektore estrategikoa da Soralucerentzat makina-erremintaren barruan, eta alor horretan garapen handia espero du Gipuzkoako enpresak.

Nazioartean sendo

Idigorasek esan du Bergaran zabaldu duten lantegia mugarria dela kooperatibak jarrai dezan nazioarteko merkatuetan egun duen indarrarekin, teknologiaren alorrean balio erantsiarekin eta lehiakideengandik bereiztuz. Bergarako lantegian beharrean dihardute jada langileak.

Danobat taldearen fakturazioaren %8 ikerketa eta garapeneko inbertsioarako baliatzen du kooperatibak urtero. Bergarako fabrika da estartegi horren azken adibidea. Aeronautika, energia, trengintza... hainbat dira Danonbat taldearen makinak baliatzen dituzten sektoreak eta konpainiak. Gaur egun, 1.300 langile dauzka Danobatek. Aurreko urtean lantegi bat zabaldu zuen Italian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.