Sexu abusuak

Basauriko abusuen biktima: "Baskoniak lehenagotik zekien entrenatzailea ikertzen ari zirela"

Ohartarazi du bere bideoa agertu arte ez zutela entrenatzailea apartatu, nahiz eta salaketen eta Ertzaintzaren ikerketaren berri izan.

Urtarrilean abusuak salatzeko manifestazioa egin zuten Basaurin. MAIDER IBAñEZ / GEURIA
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 20a
07:17
Entzun

Basauriko (Bizkaia) Baskonia futbol taldeko entrenatzaile batek umetan abusuak egin zizkiola kontatu zuen Pepe Godoyk joan den azaroan, bideo baten bitartez. Orain 40 urte ditu, eta duela 30 urte gertatu ziren erasoak. Beste bideo bat ere egin du publiko, entrenatzailea epaiketa zain dagoela. Izan ere, joan den astean atxilotu zuen Ertzaintzak, delitua preskribatu gabe dagoen salaketa baten harira. Martxo hasieran salatu zuten adingabe batek eta haren familiak. Godoyk futbol taldearen aurka egin du mezu berrian: "Baskoniako arduradunek lehenagotik jakin zuten modu ofizialean Ertzaintza entrenatzailea ikertzen ari zela. Eta, hala ere, ez dituzte defendatu biktimak, eta urteak pasatu dira taldetik apartatu duten arte".

Godoyk bere kasuaren berri jendaurrean eman zuenetik, Ertzaintzak beste zazpi salaketa jaso ditu 60 urteko entrenatzailearen aurkakoak; azkena, adingabearena. Godoyk zoriondu egin du mutikoa: "Ondo dakit zer beldur sentitzen dugun biktimek adin horretan, eta oso ausarta izan da salatzeko pausoa emanda". Azaldu du abusatzaileek "erruduntasun sentipena, lotsa, beldurra, depresioa, tristura eta konfiantza galera" eragiten dizkietela biktimei. Basaurin "biktima gehiago" daudela ohartarazi du, asko adingabe direnak, eta akusatua haienetik metro gutxira bizi dela. Horregatik, neurriak hartzeko eskatu dio instrukzio epaileari. Ez du ulertzen epaiketaren zain aske utzi izana. Era berean, epaiketa ahalik eta azkarrena egiteko eskatu du: "Justizia egitea nahi dut".

Erakunde publikoen inplikazioa ere eskatu du. Uste du Basariko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babes juridikoa eta laguntza psikologikoa eman behar dizkietela biktimei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.