Lan gatazka

Gipuzkoako zahar etxeetan 27 eguneko grebara deitu du ELAk

Negoziazioen egoera "oso larria" dela oharatarazi dute langileek, eta aldundiaren "gezurrak" salatu dituzte berriz ere. Apirilaren 1etik 12ra, 26tik 30era eta maiatzaren 1etik 10era egin asmo dute greba.

Gipuzkoako zahar etxeetako gatazkaren harira ELAk deitutako protestetako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
2019ko martxoaren 20a
14:56
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetako lan gatazkan grebarako apustua egin du ELAk. Ez nolanahikoa: denera, 27 egunetan deitu du grebara sindikatuak. Lehen deialdia apirilaren 1etik 12rakoa izango da, hilaren 26tik 30erakoa bigarrena, eta maiatzaren 1etik 10erakoa hirugarrena. Negoziazioak etenda daudela, eta egoera "oso larria" dela ohartarazi dute gaur zahar etxeen sektoreko ELAren bozeramaile Iratxe Benitok eta Alazne Mantxolak.

Izan ere, ELAko ordezkarien hitzetan, lan gatazka horretan "sabotajea eta gezurrak" erabiltzen ari da Gipuzkoak Foru Aldundia. Imanol Lasa aldundiko bozeramaileak, aldiz, patronalari eta sindikatuei egotzi die egoeraren ardura, eta "arduratsu" jokatzeko eta "lehenbailehen" akordio bat lortzeko eskatu die: "Diputazioak ez du eskumenik gai honetan. Erraztaile izatea dagokio gatazka honetan".

Irailetik protestan ari dira sektoreko langileak —5.000 inguru dira denera—, grebak pilatzen ari dira, eta asko korapilatu da azken asteetan gatazkaren konponbidea. Agerian geratu zen hori, esaterako, Gipuzkoako Batzar Nagusietan sindikatuko kideen eta aldundiko arduradunen artean izandako eztabaidan.

Negoziazio mahaitik kanpo, ELAk —langileen ordezkaritzaren %60 du— akordiorako oinarri bat hitzartzen jardun du patronalaren zati batekin. ELA sindikatuko ordezkari Txomin Lasak batzar nagusietan adierazi zuen aldundiaren oniritziarekin egin dituztela negoziazio horiek. Hain justu, hori erakusten duten "frogak" eraman zituen agerraldira: posta elektroniko eta telefono bidezko mezuak. "Froga" horiek, halaber, akordiorako oinarri bat erdietsi zela erakusten dutela ere azaldu zuen ELAko ordezkariak, eta aldundiak eragotzi zuela akordio hori gauzatu ahal izatea. Hori ukatu egin du orain artean, ordea, aldundiak, eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak berretsi egin zueN horixe bera. Horregatik sindikatuaren salaketa: "gezurra" esan du aldundiak. "Badakit oso salaketa gogorrak direla, baina frogak ditut", azaldu zuen Lasak. Batzar Nagusien esku laga zituen eramandako hainbat agiri.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.