Gizartea

Eliza katolikoaren immatrikulazioei buruzko informazioa eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Madrili

Eusko Legebiltzarrak elkarlana galdegin dio Jabetza Erregistratzaileen Elkargoari, Espainiako Gobernuak informazioa bidaltzen duenean, ondasun publikoren bat ondasun pribatu gisa erregistratu den berrikusteko.

Donostiako Artzai Onaren katedrala bere izenean jarri du Eliza Katolikoak, orubea barne, hipotekaren legea baliatuta. GARI GARAIALDE, FOKU
2019ko martxoaren 20a
19:18
Entzun

Eliza Katolikoak publikoa den ondasunen bat bere izenean immatrikulatu duen argitzeko urratsa eman du Eusko Legebiltzarrak. Hala, Elizak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan immatrikulatu dituen ondareen gaineko informazioa eskatu dio ganberak Espainiako Gobernuari, eta informazio hori "ahalik eta azkarren" bidaltzeko galdegin dio. Datu horiek eskutan, immatrikulazioak berrikusteko elkarlana eskatu dio legebiltzarrak Jabetza Erregistratzaileen Elkargoari. EH Bilduren ekimenez onartu du legebiltzarrak eskaria. PPk izan ezik, gainerako taldeek EH Bilduren hasierako ekimenaren erdibideko zuzenketa bat adostu dute. Beraz, proposamenaren alde egin du legebiltzarreko gehiengo zabal batek.

Horrez gain, Euskadiko Erregistratzaileen Dekanotzari dei egin dio elizaren aldeko immatrikulaziorik ageri ez den jabetza erregistroetan azterketa sakonagoa eskatzera. Elizak immatrikulaziorako erabili ahal izan dituen hitz eta molde desberdinei arreta berezia jartzeko galdegin du legebiltzarrak.

Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaio ganbera. Hari eskaatu dio "beharrezkoak diren lanak koordinatu eta egin ditzala" foru aldundiekin, Eudelekin eta legelari eta historialariekin batera, "era desegokian inmatrikulatutako ondasunak aztertu, identifikatu eta berreskuratzeko".

Azkenik, Jaurlaritzari galdegin dio udalen eta tokiko erakundeen esku utzi dezala "beren ondare publikoaren jatorriari eta eskubideei buruzko informazio juridikoa eta historikoa", eta "aktiboki" babestu ditzala erakunde horiek, "Elizak behar ez bezala immatrikulatutako ondasunak" berreskuratzeko lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.