KATALUNIA

Torrak xingola horiak kenduko ditu, arartekoaren gomendioak jarraituz

Rafael Riboren txostenaren arabera, neurriak "salbuespenezkoa" izan behar du, hauteskunde aldian "neutraltasun politikoa" mantentzeko. Generalitatea xingolak ordezteko aukerak aztertzen ari da.

Xingola hori bat, Generalitatearen jauregian. ANDREU DALMAU / EFE
2019ko martxoaren 20a
07:31
Entzun

Kataluniako Gobernuak arartekoaren esanari jarraituko dio, eta eraikin publikoetatik kendu egingo ditu «"preso politikoei" erreferentzia egiten dieten sinboloak: pankartak eta xingola horiak. Nola egingo duen, hori dago argitzeko.

Rafael Ribo Kataluniako arartekoak gaur azaldu zuen bere txostena —izatez, ostiralerako aurkeztu zion gobernuari—, eta Generalitateari gomendatu dio ikur horiek guztiak kentzea, hauteskunde garaian "neutraltasun politikoa" mantentze aldera.

Ñabardura egin du: izan dadila "salbuespenezko" neurri bat, datorren maiatzaren 26an Europako Parlamenturako hauteskundeak egin artekoa. Torra bere gertukoekin bildu da, eta iluntzean jakinarazi du arartekoaren aholkua errespetatuko duela, nahiz eta berez ez den loteslea.

Baina segidan erantsi du ez duela berak emango ikurrak kentzeko agindua, eta, gainera, aztertzen ari direla ikur horiek ordezkatzeko zer beste aukera dauden.

Espainiako hauteskunde batzordea ostegunean elkartuko da, 17:00etan, eta espero da Generalitateak hori baino lehen argituko duela, zehazki, zer egingo duen.

Asteazken gau honetan, Generalitateko jauregiko pankartak betiko balkoian jarraitu du, eta dozenaka herritar bilduak dira eraikinaren aurreko Sant Jaume plazan, hauteskunde batzordearen agindua salatzeko.

Gobernuak xingola horien defentsa egin du, nolanahi ere. Iluntzean zabaldutako oharrean hala adierazi du: "Katalunian eta munduan, beren gizarteetatik injustuki urrutiratutako pertsonak gogoratu eta aitortzeko ikurrak dira xingola horiak". Ez direla ikur partidista bat berretsi du, eta beti adierazpen askatasunaren alde egingo duela erantsi.

Espainiako hauteskunde batzordeak ikur horiek kentzeko eskatu zion Generalitateari martxoaren 11n; 48 ordu eman zizkion. Ezezkoan egon da Torra orain arte, eta hauteskunde batzordea bihar da biltzekoa, aztertzeko Torrari isun ekonomiko bat ezarriko dion —300 eta 3.000 euro artekoa— edo auzia fiskaltzaren esku utziko duen. Ikurrak ostegun goizean kentzen badituzte zer gertatuko den ere ikusgai dago.

Joan den asteko ultimatumaren ondoren, bere kabuz hasi zen auziari buruzko ebazpen bat osatzen, Rafel Ribo ararterkoak berak berak gaur azaldu duenez. Eta zehaztu du ostiralerako Generalitateak bazuela txosten horren berri.

Torrak, baina, puntu batzuk argitzeko eskatu zion arartekoari herenegun. Adibidez, zeintzuk diren eraikin publikoak, noiz arte irauten duen «hauteskunde garaiak», eta ea Generalitateari dagokion jendeak eraikin publikoetan jarritako sinboloak kentzea. Arartekoaren ebazpena beteko duela esan du Generalitateak gaur; arartekoaren ebazpena zein zen jakinik, beraz.

Ribok azpimarratu nahi izan du iazko irailean auziari buruz azaldutakoari eusten diola, hala ere. Ciudadanosek xingola horiak kentzeko kanpaina bat hasi zuen orduan, baina arartekoak adierazpen askatasuna mugatzearen kontra egin zuen: "Harrigarriak edo artegagarriak izan arren, sinbolo horiekin adierazteko erabateko askatasuna dago".

Casado eta 155.a

Xingola horiak eraikinetatik kendu nahi ez izatea jokabide "elektoralista" da, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak gaur goizean irrati batean adierazi zuenez. Gaineratu du Generalitateko presidentea desobedientziaren "marra" igarotzetik gertu zegoela.

Pablo Casado PPren liderrak, berriz, Katalunian konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko eskatu dio gaur berriro Espainiako Gobernuari. Carmen Calvo Espainiako presidenteordearen ustez, baina, 155.a era «iraunkorrean» ezartzea ez da konstituzionala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.