Korrika

"Euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak" hartu dituzte 30 erakundek

Talde bakoitzak bere konpromiso propioak hartu ditu helburu hori betetzeko. Korrikaren antolatzaileek sustatu dute egitasmoa. "Euskararen alde egote hutsak ez du normalizazioa ekarriko"", ohartarazi dute.

Agiria sinatu duten eragileak. BERRIA
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 23a
08:11
Entzun

Korrikaren antolatzaileek Aro berriari, klika egitasmoa aurkeztu dute Albaola itsas museoan (Pasaia, Gipuzkoa). Horrekin bat egin duten 30 erakundeetako eta taldeetako ordezkariak izan dira ekitaldian. Testuan azaltzen diren helburuekin bat egin dute eta nork bere konpromiso propioak gaineratu dizkio agiriari.

Egitasmoaren helburua da euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematea. Korrikaren antolatzaileek bilera ugari egin dituzte erakunde eta eragileekin azken hilabeteetan: Klika kontzeptua azaltzen aritu dira, eta, azaldu dutenez, "oso erantzun ona" jaso dute: "Guztiek erakutsi digute euskararen aldeko konpromisoak hartzeko prest daudela".

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikako arduradunak azpimarratu dute  "elkarlan esparru berriak" zabaldu behar dituela euskalgintzak, eta xede horri erantzuten diola egitasmoak.
 
Sinatzaileen artean daude, besteak beste, EAJ eta EH Bildu alderdi politikoak, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak, unibertsitateak, Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua, eta hainbat arlotako gizarte eragileak; besteak beste, Ongi etorri errefuxiatuak taldea eta Save the children gobernuz kanpoko erakundea.

Eragile gehiagok bat egitea espero dute. Horretarako, korrika.eus webgunean atal berezi bat zabaldu dute. Horretan ikusi daitezke erakunde bakoitzak hartu dituen konpromiso zehatzak.

Hizkuntza politika integrala

Azken urteetan euskararen normalizazioan egindako urratsak azpimarratu dituzte Korrikako antolatzaileek. Euskaraldian izandako parte hartzea nabarmendu dute, baina adierazi dute hori ez dela nahikoa: "Normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta", ohartarazi dute Mugikak eta Amondok: "Euskararen aroan gaude; orain da unea hizkuntza politika integrala abiatzeko eta garatzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.