'Brexit'-a

Komunen Ganberak 'brexit'-aren gaineko kontrola kendu dio Mayri

Komunen Ganberak aldatu egin du biharko eztabaidaren gai zerrenda. Mayk brexit-erako lortu duen akordioak babes nahikorik ez duenez, beste aukera batzuen bozketa gehitu du biharko eztabaidara.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Komunen Ganberako eztabaidan. MARK DUFFY, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 26a
10:32
Entzun

Komunen Ganberak esku hartu du parlamentuaren agendan, eta haren gaineko kontrola kendu dio Erresuma Batuko Gobernuari. 27 botoren aldearekin, bihar egitekoa duen bilkuraren gai zerrenda aldatzea erabaki du. Aukera hori gobernuaren esku izan ohi da, baina parlamentuak ezohiko neurriaren alde egin du, brexit-erako akordioak babes nahikorik ez duela ikusita. Hala, Komunen Ganberak bidea irekiko dio beste aukera batzuk bozkatzeari. Oraindik ez dago zehaztuta aukera horiek zein izango diren, baina, ziurrenik, zerrendan izango dira bigarren erreferendum batera deitzea, akordiorik gabeko brexit-a, merkatu batasunean jarraitzeko aukera eta brexit-a bertan behera uztea.

Gobernuak atsekabea agertu du Komunen Ganberak hartutako erabakiarengatik. Haren esanetan, "aurrekari arriskutsua" ezarri du, eta arriskuan jarri du "erakunde demokratikoen arteko oreka".

Parlamentuak B plan baten aldeko adostasuna lortuko balu, ganberaren jarrera ez litzateke loteslea izango, eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak aurreratu du ez dela haren erabakia betetzera konprometituko. Hala ere, zalantzarik ez da gisa horretako akordio batek presio egingo liokeela gobernuari. Mayk ohartarazi du ez diola "txeke zuri bat" emango parlamentuari, eta ez du uste bozketa erabilgarri izango denik.

Biharko gai zerrenda moldatzeko bozketaren aurretik, hiru estatu idazkarik dimisioa aurkeztu dute, Mayren gobernuaren kontrako jarrera adierazteko.

Mayk onartu du ez duela nahikoa babes brexit-erako akordioa hirugarrenez bozkatzeko, baina ohartarazi du adostasun faltak brexit-a atzeratuko duela. Euroeszeptikoak eta DUPeko diputatuak konbentzitzeko ahaleginek ez dute uztarik eman. DUPek ezetz dio, eta tory euroeszeptikoenek ere urtarrilaren 15ean eta martxoaren 12an bozkatutakoari eusten diote. Mayk nabarmendu zuen, halere, hori aurrera ateratzeko behar duen babesa lortzen ahaleginduko dela datozen orduetan. Denbora kontra dauka, ordea. "Dibortziorako akordioa aldatzea ez da aukera bat", zehaztu zuen, badaezpada ere. Bruselak behin baino gehiagotan errepikatu du, gainera, ez duela akordioa berriro negoziatzeko intentziorik. Reuters berri agentziak Bruselako funtzionarioak aipatuz kaleratutakoaren arabera, EBrentzat geroz eta gertagarriagoa da akordiorik gabeko brexit-a.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.