Euskara

Euskalgintza berri baten "erreferente" izan nahi du Tolosaldeak

Tolosaldeko Euskararen Mahaia sortu dute. Helburu izango du eragile instituzionalen eta sozialen arteko elkarlanaren bidez euskara indarberritzea eta erabilera normalizatzea, "eskualdeko hizkuntza nagusia izan dadin". Eskualdeko eragileek eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatuko dute mahaia.

Egitasmoaren aurkezpenean izan diren eragileak, Alegian. JON URBE, FOKU
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 28a
16:36
Entzun

Alegiako udaletxean (Gipuzkoa) eginiko agerraldi batean aurkeztu dute egitasmoa. Horrekin bat egin dute Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosaldeko hogei udalek, hamar ikastetxe eta euskaltegik, eta tokiko hiru hedabideek, besteak beste. Datozen aste eta hilabeteetan udal eta eragile gehiago batzea espero dute sustatzaileek.

Eragile instituzional eta sozialen «elkargune» izan nahi du mahaiak, eta foro hori bihurtu nahi dute eskualde mailako hizkuntza politika adosteko eta garatzeko «erabakigune». Horrekin, euskararekin loturiko «gobernantza eredu berritzaile bat» jarrai nahi dute martxan, «elkarlana eta lidergo partekatua» oinarri izango dituena.

Egitasmoa babestu duten eragileak konprometitu dira erakunde bakoitzaren autonomia aintzat hartzera, eta «murrizketarik edo kalterik» ez eragitera batzuen zein besteen egitekoetan; halaber, lankidetzarako eremuak adostera engaiatu dira, eta ekinaldi zehatzetan baliabide teknikoak jartzera eta babes ekonomikoa eskaintzera.

Eskualdeko eragileek eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatuko dute mahaia. Euskalgintzakoekin batera, gizon eta emakumeen berdintasunarekin, kultur aniztasunarekin eta bizikidetzarekin loturiko adituek ere parte hartuko dute —orain arteko lanetan ere aritu dira—.

Euskara, «kohesiorako tresna»

Egitasmoaren helburua nagusia da euskara txertatzea eskualdeko bizitza sozialean, ekonomikoan eta kulturalean: «komunikazio eta kohesio hizkuntza» izatea, «eskualdeko hizkuntza nagusia». Aurkezpenean azaldu dutenez, horren bitartez Tolosaldea bihurtu nahi dute euskararen «indarberritze eta normalizazioaren erreferente bat» beste eskualde batzuentzat.

Gogoratu dutenez, eskualde horretarako herritar gehien-gehienak euskaldunak dira: inkesten arabera, biztanleen %75 euskal hiztunak dira, eta beste %10ek ulertzen dute. «Euskal Herriko zona euskaldunen artean jartzen gaitu horrek, eta hori, gure ustez, harrotasunez ez ezik, erantzukizunez hartu behar dugu».

Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldeak jarri zuen martxan egitasmoa iaz, eta eskualdeko hainbat eragilek parte hartu dute talde sustatzailean: besteak beste, bost udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta eskualdeko euskara teknikariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.