Zinema

Roberto Gavaldon zinemagileari buruzko atzera begirakoa emango du Donostiako 67. Zinemaldiak

1950eko eta 1960ko hamarkadetan egin egin zen ezagun zuzendari mexikarra

Roberto Gavaldo.
Roberto Gavaldo. Donostiako Zinemaldia. Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2019ko martxoak 28

Donostiako Zinemaldiak Roberto Gavaldoni eskainitako atzera begirako zikloa eskainiko du aurtengo ekitaldian, irailaren 20tik 28ra, Espainiako Zinematekarekin, Euskadiko Filmategiarekin eta San Telmo Museoarekin elkarlanean. Horrekin batera, zinemagile mexikarrari buruzko liburu monografiko bat argitaratuko dute, Espainiako Zinematekak eta Donostia Zinemaldiak editatuta.

Roberto Gavaldon (1909-1986) 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Mexikoko zinemako zuzendari garrantzitsuenetako bat izan zen. Jimenezen (Chihuahua, Mexiko) jaio zen 1909an, eta estra, aktore, zuzendari-laguntzaile eta gidoilari lanetan hasi zen zinemaren munduan. Zuzendarikide moduan ere egin zituen lan batzuk, eta 1945ean zuzendu zuen bere lehen bakarkako lana: La barraca, Vicente Blasco Ibañezen izen bereko nobelaren egokitzapena. Espainiako gerraren ondoren Mexikora erbesteratu ziren Espainiako zenbait teknikari aritu ziren filmaren errealizazio-taldean.

Gavaldonen ezaugarria estilo soila, klasikoa eta errealista da, eta horregatik nabarmendu zen lehen film luzea egin zuenetik bertatik, eta horretan lagundu egin zion Gabriel Figueroa, Alex Phillips eta Jack Draper argazki zuzendariekin, besteak beste, lan egiteak. Gai melodramatikoak jorratu zituen oro har. Gerora, bere estiloak eta aukeratzen zituen istorioek aurrez aurre jarriko zuten kritikari eta zuzendari gazteagoekin; izan ere, haiek zalantzan jartzen zuten zinemagileak zinema nazionalerako zuen joera.

Macario (1960) da bere filmik garrantzitsuenetako bat. Ben Travenen kontakizun bat du oinarri —John Hustonek ere idazle hori izan zuen inspirazio-iturri The Treasure of the Sierra Madre filmean, eta Gavaldonek berak ere berriro egokitu zituen haren lanak Rosa blanca (1961) eta Días de otoño (1963) filmetan–, eta harekin Cannesko zinema jaialdian parte hartu zuen. Gainera, ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar sarietarako izendatutako lehen film mexikarra izan zen. Protagonista, Ignacio Lopez Tarso (Buñuelen Nazarín filmeko aktoreetako bat), Mexikoko zinemako izarretako bat zen urte haietan. Mexikoko zinematografiako beste izen handi batzuekin ere lan egin zuen Gavaldonek; besteak beste, hauekin: Maria Felix, Dolores del Rio, Arturo de Cordova, Pedro Armendariz eta Libertad Lamarque melodramaren izar argentinarrarekin.

Urteetan izan zen bere herrialdeko zinemaren ordezkaria nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenetan. Zenbait aldiz lehiatu zen Cannesen, Venezian eta Berlinen, eta, 1953an, Acuérdate de vivir lana aurkeztu zuen Donostia Zinemaldiaren lehen edizioan. Zortzi Ariel sari irabazi zituen; hots, Arte eta Zientzia Zinematografikoen Mexikoko Akademiak 1947az geroztik ematen dituen sariak. Film onenaren lehen Ariel saria La barraca filmak jaso zuen.

Gehienbat melodrama landu bazuen ere, jorratu zuen bestelako generorik, esaterako poliziarena, musikala, fantasiazkoa eta landa-drama, eta western-ranchero ziklo bat egin zuen Antonio Aguilar aktorearekin. Bere filmen artean hauek azpimarratu behar dira: Macario; La otra (1946) –krimen baten inguruko drama, bi ahizpa bikiri buruz, non Dolores del Rio aktorea den protagonista; Hollywooden film horren remake bat egin zuten, Dead Ringer (1964), Bette Davis aktorearekin–; La diosa arrodillada (1947); En la palma de tu mano (1951), La noche avanza (1952) –lan honetako protagonista euskal pilotako eskrupulurik gabeko txapeldun bat da–; El rebozo de soledad (1952); El niño y la niebla (1953); Camelia (1954), Sombra verde (1954), La escondida(1956), eta Miércoles de ceniza (1958). 1955ean, Disney etxeak Mexikon filmatutako bere ekoizpenetako bat zuzentzeko aukeratu zuen Gavaldón: The Littlest Outlaw.

1960ko hamarkadaren hasieran, erabateko aldaketa izan zuen lantzen zituen gaietan, eta modu argiagoan agertu zen gai sozialen eta politikoen alde. Hala, Rosa blanca filmatu zuen, Mexikoko petrolioaren desjabetzeari buruz, baina debekatu egin zuten, eta 1972ra arte ez zen estreinatu. Días de otoño filmean, emakume baten istorio iluna kontatzen du: senargaiak abandonatu du baina denei esaten die harekin ezkondu dela eta haurdun dagoela. Macario filmeko bikote bera da protagonista: Ignacio Lopez Tarso eta Pina Pellicer. Horren ondoren, Gabriel Garcia Marquez eta Carlos Fuentes idazleekin batera lan egin zuen El gallo de oro (1964) filmaren gidoian: borroka-oilar bati buruzko parabola bat, Juan Rulforen istorio batean oinarrituta.

1970eko hamarkadaren lehen erdian, hiru film egin zituen Espainian: Don Quijote cabalga de nuevo (1973), Fernando Fernan Gomez eta Cantinflas direla Kixote eta Sancho Panza, eta Amparo Rivelles protagonista den bi drama: La madrastra (1974) eta La playa vacía (1977). 1979ra arte aritu zen lanean. Urte hartan Cuando tejen las arañas bere azken lana zuzendu zuen, neska nerabe baten sexualitate erreprimituari buruzko drama bat. Mexiko Hirian zendu zen 1986an.

Atzera begirakoan 25 bat film emango dituzte.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea terrazetan Bilbon, astelehenean. ©Aritz Loiola/FOKU

651 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian kasu gehien atzeman diren eguna izan da: 402. Osasun Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia arratsaldean bilduko dira egoera aztertzeko.

 ©JON URBE / FOKU

«02:00etan, festak ezin du segitu eremu pribatuetan»

Aitor Biain

Herritarren parte hartze handiagoa eskatu dute ostalariek, ardura guztia beren bizkar izan ez dadin. Ataka estuan direla ohartarazi dute, eta babes ekonomikoa galdegin diote administrazioari, helegitea onartu edo ez.

Osasun langileak PCR probak egitn Donostian, iragan astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak Getxoko Bikain tabernan izan zirenei

Berria

Abuztuaren 2tik 10era bertan egon zirenek egin beharko dute testa.

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna