Mozal legea

Hala Bediko kazetari bati jarritako zigorra bidezkoa den ebatziko dute auzitegiek asteartean

Errekaleorren egindako polizia operazioaz informatzeagatik zigortu zuten, 2017an. Irrati libreak elkarretaratzera deitu du epaiketaren aurretik, 11:30etan, Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean.

jarraia164549.jpg
Jon Rejado.
2019ko martxoaren 29a
15:09
Entzun

Hala Bediko kazetari bati mozal legea baliatuta jarritako zigorra administrazioarekiko auzien epaitegietara helduko da, datorren asteartean. Hala jakinarazi du irrati libreak. Lehen aldia da hori gertatuko dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala Bedi irratiak gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrak onartu zuela proposamen bat lege hori ez ezartzeko.

Gasteizko irrati libreak argudiatu du Mikel Saenz de Buruaga kazetariaren aurkako salaketaren oinarria, polizia txostena, "faltsua" dela. Txosten hori baliatuta, eta mozal legea ezarriz, 602 euroko isuna jarri zioten kazetariari. Informatzeko eskubidearen aurkako erasotzat jo zuen Hala Bedik. Hainbat eragileren babesa izan du bidean: Euskal Kazetarien Elkartea, Kazetarien Euskal Elkargoa, Espainiako Informazio Askatasunaren Aldeko Elkarteak, hainbat hedabide, herri mugimenduko elkarteak...

Hala Bedik bide administratibo guztiak agortzea erabaki zuen. Horiek amaituta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak isuna berretsi zuen, eta irrati libreak erabaki zuen gaia administrazioarekiko auzien epaitegietara eramatea, 2018ko apirilean. Urte baten buruan epaiketa gertatuko da.

Errekaleorreko argi mozketa

Isunaren jatorria 2017an dago, maiatzaren 18an. Segurtasun Sailak Gasteizko Errekaleor auzoko argindarra moztu zuten eguneko gertakarien testuingurua baliatu zuen kazetariari zigorra jartzeko. Poliziaren salaketaren arabera, kazetariak gainditu zuen Ertzaintzak auzoaren inguruan jarritako hesia, eta, gero, "indarrez oldartu" zitzaien hesiaren barruan zeuden poliziei. Desobedientzia edo agintaritzari aurre egitea leporatu zioten.

Mikel Saenz de Buruagak kontaketa hori gezurtatu du. Polizia hesia jarri aurretik barruan zegoela argudiatu zuen. Are, nabarmendu du bertan zegoela ertzain batek gertaerez informatzeko baliatzen ari zen sakelako telefonoa lurrera bota eta apurtu ziola. Saenz de Buruagak azaldu du, telefonoa apurtzearekin batera, haren bertsioa berresten zituzten argazki eta bideoak galdu zirela.

Zigortutako kazetariak, bertan zegoen Hala Bediko beste kazetari batekin batera, lanean ari zirela egiaztatzen zuten agiria erakutsi, eta identifikazio zenbakia eskatu zioten poliziari. Ertzainak, akreditazioa kendu, eta nortasun agiria eskatu ziela azaldu du zigortutako kazetariak. Azkenik, agiriak itzuli eta identifikazio zenbakia eman zien, baita, kazetarien arabera, mehatxatu ere.

Isuna ordaintzeari, uko

Hala Bedik jakinarazi du salaketa ez zela orduan heldu, hainbat hilabete geroago baizik. Hori jaso ondoren irrati libreko kideak batzartu ziren, eta isuna ez ordaintzea erabaki zuten. "Lege bidegabea den heinean, desobeditzeko zilegitasuna dugula uste dugu", argudiatu zuten. Mozal legeak kazetarien jardunari ez ezik herritar guztiei eraso egiten diela gaineratu zuten Hala Bediko kideek. "Mozala jarri nahi diote gure lanari, gure informatzeko eskubideari, baina ez gaude prest horretarako".

Tramiteek aurrera egin ahala kazetariak "babesgabetasun egoera" bizi izan duela salatu du Hala Bedik. Gaineratu du ere poliziaren txostenak ez dituela egiaztatzen isunaren oinarri diren gertakariak. Besteak beste, irrati libreak azaldu du salaketan ez dela agertzen Saenz de Buruagak bere burua kazetari bezala identifikatu zenik. "Gai horren inguruan gezurretan aritzea bereziki larria da, hainbat pertsonak ikusi baitzuten hala izan zela".

Hala Bedik hausnartu du aipatu zigorraren bitartez "oso kazetaritza zehatza" zigortu nahi izan dutela: "Herri mugimenduekin elkarlan estua duen kazetaritza, eta botere abusua zein poliziaren indarkeria hurbiletik behatzen duena". Horren harira gogora ekarri dituzte Argiako bi kazetari: Axier Lopez, Segurtasun Sailak mozal legea baliatuta zigortu zuten lehen kazetaria; eta Lander Arbelaitz. "Azken kasu horretan ez zen aipatu legea erabili, baina logika bera jarraitzen du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.