HAUTESKUNDEAK

Herriko bozei begira ezarri da EH Bai

“Posible eta egoki” den herri guzietan aurkeztuko dituzte zerrendak, eta prest agertu da beste indar politikoekin elkarlanean aritzeko.

EH Baiko kideak, gaurko agerraldian. GUIILAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko martxoaren 30a
14:47
Entzun

2020ko herri hauteskundeetarako urte baten faltan, lasterketa abiatzeko seinalea eman du EH Baik, goiz honetan, Lekornen (Lapurdi). Lan eta prestakuntza goiza antolatu dute militante, kide eta hurbilekoekin, eta agerraldia egin dute ondotik, EH Bairen baloreetatik hurbil sentitzen diren guziei, koalizio abertzalearen dinamikan parte hartzeko gomita eginez. Helburu argi batekin: ahalik eta auzapez eta herriko hautetsi gehien lortzea heldu den urteko bozetan. “Kudeaketa postuetan izatea eta tokiko exekutiboetan sartzea da gure asmoa”, adierazi dute.

Orain dela sei urte, Ipar Euskal Herri herri gehienetan aurkeztu zituen zerrendak EH Baik, eta beste batzuetan, ezkerreko abertzaleek parte hartzen zuten zerrenda zabalagoei eman zien babesa. Emaitza onak lortu zituen, herri bat baino gehiagotan boterea eskuratuta, eta beste andanatan erabakigarria izanez. Aurten ere formula berdina errepikatzeko xedea dutela adierazi dute, eta prest agertu dira beren oinarrizko baloreak partekatzen dituzten indar politikoekin “bidearen parte bat” batera egiteko.

Gaurko agerraldia, EH Baik defendatuko dituen ideiak zerrendatzeko momentua ere izan da. Aitortza instituzionalean, euskararen defentsan, gatazkaren konponbidean, Hego Euskal Herriarekin lan harreman sendoak eraikitzeko lanean, koalizio abertzalea “lehen lerroan” bada ere, bestelako “lehentasunak” ere nabarmendu dituzte: laborantza herrikoia, ekoizpen ekonomia, etxebizitza duina denentzat, bigarren etxebizitzen zergapetzea... Eta bereziki azpimarratu dute erronka klimatikoari aurre egiteko beharra. “Ondoko 12 hilabeteetan, hautagai abertzaleek gure proiektua lau haizetara zabalduko dute”.

Herrietatik Euskal Elkargora

2014ko herri hauteskundeak Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionalaren aldarrikapenak markatu zituen, eta estatus bereziko lurralde elkargoaren aldeko adostasun zabala lortu zen. Baina, Parisen ezezkoaren aitzinean, hamar herri elkargoak bateratzearen alde edo kontra jarri, “funtsezko hautua” egin behar izan zutela adierazi dute EH Baiko kideek. Euskal Elkargoa sortu eta bi urtera, “segur” dira hautu hori “egokia” izan zela. “EH Baitik txalotu nahi dugu hautetsi hauek agintaldi erdian egin zuten hautua”. Hala ere, onartu dute hasierako fasea nahasia izaten ari dela, eta denek ez dutela “baitezpada argi” haien funtzioa zer den, eta erabakitzeko gaitasun murritzen ikusi dutela.

Baina instituzio berria eraikitzeko eta aboatzeko beharrezkoak izan diren lehen bi urteen ondotik, 2019a politika publiko sendoak martxan emateko eskema handiak onartzeko urtea izanen dela nabarmendu dute, eta lurralde proiektua eta politikak zehaztuko direla oroitarazi dute. Horiek horrela, 2020ko udaberrian hasiko den agintaldi berria “erabakigarria” izanen dela uste dute. “Euskal Elkargoa lehen urratsa besteri kez da, ongi kausitu beharreko urratsa urrunago joan ahal izateko, Ipar Euskal Herriaren errealitateari egokituena den estatus bereziko lurraldeko elkargoa eraikitzeko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.