Gure Esku Dago

Erreferendum bidez erabakitzeko herri ekinaldi bat bultzatuko du GEDek

Fase berri bat hasi du herri mugimenduak, eta bertan bazkideak izango dira oinarri. Parte hartzea sustatzeko, 'Plaza' plataforma digitala jarri dute abian Gure Esku Dago-ren webgunean. 

jarraia164641.jpg
arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 1a
13:13
Entzun

Kideak bazkide bilakatuko dira aurrerantzean Gure Esku Dago-n: hala iragarri dute mugimenduko kideek. Mugimendua ekonomikoki sustatzeaz gain, ordea, erabakietan ere parte hartuko dute horiek: "Elkarrekin bizi gara, elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria edo ama hizkuntza. Elkarrekin erabakiz, libreago izango baikara". 

Hala, garai berria aurkezteko hizlari berriak aukeratu ditu mugimenduak Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez. Haiek ordezkatuko dituzte Zelai Nikolas eta Angel Oiarbide fase berri honetan. Eta haiek izan dira GEDen datozen hilabeteetarako helburua iragarri dutenak ere: herri ekinaldi bat bultzatzea, modua emango duena erreferendum bidez erabakitzeko. 

Dena ez da, ordea, erraza izango, eta horren jakitun da mugimendua. "Hesiak eta harresiak egongo dira, eta horiek gainditzeko laguntza beharko dugu. Zenbat eta gehiago izan, errazagoa izango da bidea", nabarmendu du Etxaburuk, eta iragarri du Euskal Herri osora bideratutako herri ekinaldi bat izango dela, "jatorria eta ama hizkuntza edozein dela ere".

"Badakigu nora goazen". Alvarezek helburua xehatu du: "Erabakitzeko eskubidea lege bihurtu nahi dugu. Erabakitzeko eskubidea estatus juridiko-politiko berriaren legezko oinarri bilakatzea dugu xede. Are gehiago, bizitza publikoaren esparru guztietan, eguneroko jardunaren arau bilakatu nahi dugu".

Fase berri honetara heltzeko, baina, oinarrizkoa izan da aurrez egindako lana, eta lan horren ahotsa izan dira gaur arte Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas, aurrerantzean bigarren lerrora igaroko direnak, nahiz eta zuzendaritzako kide izaten jarraitu. Hala, biek ala biek hunkituta hitz egin dute ekitaldian eta eskerrak eman dizkiete aldamenean izan dituztenei. "Toki askotara heldu gara, baina egin duguna ez zen posible izango aztean beste askoren konpromisoa izan ez bagenu".

Katalunia gogoan

Hasiera-hasieratik harreman berezia izan du mugimenduak Eskoziako eta Kataluniako prozesuarekin, eta azken hilabeteotan estutu egin da prozesu katalanarekiko lotura. Hala, Bilboko Euskalduna jauregian egin duten ekitaldian ere ez da falta izan Kataluniarekiko keinua. 

Kike Amonarriz izan da Jordi Cuixartek espetxetik bidaliko gutuna irakurtzeaz arduratu dena. Omniumeko presidenteak gogorarazi du 530 egun daramatzatela preso "irtenbide demokratiko bat eskatzeagatik", eta espetxealdiak ez diela iritzia aldarazi. "Preso politiko katalanen alde egiteko modu hoberena da giza eskubideen defentsan aritzea". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.