Sexu abusuak

Sexu abusuak aztertzeko lantalde bat proposatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean egin dute proposamena, judizialki preskribatuta egon daitezkeen kasuei erantzun bat emateko.

Sexu abusuei buruzko lantaldea proposatzeko agerraldia, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. @EHBILDU_LEGEBIL
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 1a
07:20
Entzun

Azken hilabeteetan 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako sexu abusu kasuak azalarazten ari direla aintzat hartuta, judizialki preskribatuta leudekeenei erantzuteko lantalde bat sortzea proposatu dute Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, Garaitza, Infancia Robada eta Save the Children elkarteekin batera. Erakunde horietako kideekin batera, Oihana Etxebarrieta eta Eukene Arana legebiltzarkideek aurkeztu dute proposamena. "Bide judiziala ez da bide bakarra. Beharrezkoa da gertatutakoaren aitortza egitea, berriz gerta ez dadin", azaldu du Aranak gaur goizeko agerraldian.

Izan ere, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek azaldu dutenez, legeak ezartzen dituen baldintza eta epeak beti ez dira baliagarriak biktimentzat, "urteak pasatu daitezkeelako biktimentzat konfiantzazko instituzio eta inguruak ziren haietan gertatutako sexu indarkeria kasuei buruz hitz egin eta publikoki partekatu arte". Horregatik, judizialki ez ezik, bestelako bideetatik ere egia, aitortza eta erreparazioa lantzea beharrezko jo dute proposamena egin duten taldeek, eta gogora ekarri dute biktimek beraiek jarri ohi dutela mahai gainean egia aitortzearen garrantzia.

"Ikerlan honekin egia eta memoria kolektiboa eraiki nahi dugu, haurren eta nerabeen kontrako edozein sexu indarkeria mota gaitsetsiz eta biktimek dituzten ondorioei aurre egiteko jarraipenerako eta erraparaziorako bideak aztertuz", esan dute EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek.

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean egin dute proposamena, eta bi hilabeteko epean eratu nahi lukete sexu abusu salaketak aztertzeko lantaldea, hala, biktimen testigantzak eta adituen kontakizunak entzunda, sei hilabeteko epean azterketa bat plazaratzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.