Ingurumena

Gaixotutako pinudien azalera bikoiztu egin da urte batean

Arantxa Tapiak Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, helegite bat jarri diote pinudiak airetik fumigatzeko Espainiako Gobernuak jarritako debekuari.

Banda marroiak gaixotutako pinudi bat, Beizaman. GORKA RUBIO - FOKU
2019ko apirilaren 1a
19:31
Entzun

Banda gorriak edo marroiak gaixotutako pinudien azalera handitzen ari da astetik astera. Hala baieztatu du Eusko Jaurlaritzak. 2018an Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko intsinis pinudien 41.000 hektareako azalera bat zegoen kaltetuta gaixotasun horrekin. Gaur egun, 35.000 hektarea "oso kaltetuta" daude eta beste 60.000 era bateko edo besteko afekzioren bat daukate.

Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak iragarri du gora jotzeko helegitea jarri diotela pinuak oxido kuprosoz airetik fumigatzeko Espainiako Gobernuak ezarritako debekuari. 13.000 hektareatan egin nahi zuen fumigazio hori Jaurlaritzak, baina, helegitea onartzen ez badiote, ezin izango du egin. Aldiz, Madrilek bai eman dio baimena oxido kuprosozko lurrezko tratamendua eskaintzeko pinudiei. Horrela, 1.050 hektareatan proba moduan erabiliko dute oxido kuprosoa. Saiakera berean, bikarbonato sodikoa eta azido nitrikoa ere erabiliko dute. Neiker Landa Ikerketa eta Garapenerako Institutuak koordinatuko du proba hori. Gaur hasi dira eta uztailaren 29rako amaituko dute.

Jaurlaritzak oxido kuprosoaren erabilera babestu du, bere esanetan, Zeelanda Berria eta Txile bezalako herrialdeetan emaitza onak eman dituelako. Ekologistek, ordea, gogor kritikatu dute pinudiak oxido kuprosoz fumigatzeko plana, ingurumenean eragin ditzakeen kalteengatik. Elkarrekin Podemosek eskatuta egin du agerraldia Arantxa Tapiak parlamentuan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.